Mendinueta harategiarendako Euskal Herriko txistorra txapelketako 3. saria

Guaixe 2008ko abenduaren 23a

Santo Tomas zela eta igandean Donostian Euskal Herriko XIII. Txistorra txapelketa jokatu zen. 23 ekoizlek aurkeztu zituzten haien hestekiak lehiaketara. Epaimahaiaren ustez lehiaketara aurkeztutako txistorra onena Urnietako Altuna harategiak egindakoa izan zen. Hirugarren postua Uharte Arakilgo Mendinueta Harategiak eskuratu zuen. Jose Ignazio Aranguren Mendinuetak 120 euro eta oroigarria jaso zituen sari gisa. Jose Ignaziok azaldu digunez hirugarren urtea du lehiaketara aurkeztu dena eta "pozik" azaldu da, "ia hunkituta". Uharteko harakinak azaldu digunez "harrotasun handia da halako feria handi batean saria lortzea. Epaimahaia (Arzak, Subijana eta Berasategi sukaldariak besteak beste) ikustea besterik ez dago". Jose Ignaziok esan digunez ez da beste lehiaketetara aurkezten, soilik Donostiakora. Esan digunez, "besteak baino araudi zorrotzagoa du". Txistorra egiterakoan "produktu onak" erabiltzen ditu uharterrak. Gainera, "mimoz" lantzen ditu. Mendinueta harategian astero 40-50 kilo txistorra ekoizten dituzte eta dena harategian bertan saltzen dute. Jose Ignaziorekin batera harategian bere ahizpa Blanca eta bien ama Ana Mari Mendinueta aritzen dira. Anai-arrebak etxeko negozioaz arduratu den hirugarren belaunaldia da. Haien aitonak 1936ko otsailaren 22an zabaldu zuen harategia. Lehiaketara aurkeztuen artean lau harategi sakandar zeuden: Uharteko Mendinueta, Lakuntzako Agirre, Altsasuko Sebastian eta Olatzagutiako Pako. Lehena izan zen saria ekarri zuen bakarra. Bestalde, Ordizian berriki egin den txistorra txapelketan Lakuntzako Agirre harategiko Joxe Mari Agirreren hestekiak bosgarren saria eskuratu zuen.