Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Frontis enpresak antolatutako Binakako Logroñoko Irekiko lehen final laurdenak jokatu ziren atzo Varean. Jorge Nagorek Larramendirekin osatu zuen bikoa, Amantegiren eta Zabalaren kontra egiteko. Atzeko koadroetan Zabalak dominatu zuen, Larramendik akats dezente egiten zituen bitartean, eta ondorioz Amantegi eta Zabala izan ziren nagusi. Nagore saiatu egin zen, baina ezinezkoa izan zen. Lehen jokoan 3-10 irabazi zuten Amantegik eta Zabalak, eta bigarrenean 7-10. Bigarren final laurdenetan Alvaro Gomez eta Arretxek Urdaniz eta Altuna hartu zituzten menpean. Hortaz, Amantegi eta Zabala eta Alvaro Gomez eta Arretxe sailkatu dira finalerdietarako, eta asteburu honetan jakinen da zein beste bi biko izanen diren finalerdietan. Izan ere igandean, ilbeltzaren 25ean, Logroñoko Hiria Irekiko bigarren final laurdenak jokatuko dira atzera ere Varean, 12:00etan. Uharte Arakilgo Jon Gorriti atzelariak Iban Lopez, Camarero II.a izango du laguntzailea aurreko koadroetan, eta aurkari gogorrak izango dituzte: Antxia eta Huarte. Printzipioz azken hauek dira faboritoak, baina Gorritik eta Camarerok ez dizkiete gauzak batere erraztuko. Beste finalerdian Mikel eta Mitxelenak Bengoetxea VII.aren eta Garmendiaren kontra jokatuko dute. Finalerdiko lehiak ilbeltzaren 31n jokatuko dira, Las Gaunasen, eta final handia otsailaren 1ean, Las Gaunasen.