Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Frontisek antolatutako Logroñoko Hiria Irekiko bigarren final laurdenak jokatu ziren Varean. Uharte Arakilgo Jon Gorriti atzelariak Camarero II.arekin osatu zuen bikoa, kontrario gogorrei aurre egiteko: Antxia eta Huarte. Azken hauek faboritoak ziren eta euren nagusitasuna agerian geratu zen, jokoan zeuden bi jokoetan jaun eta jabe izan baitziren. Egia esan, ez zen Jon Gorritiren egun onena izan eta atzeko koadroetan Huarte nagusitu zitzaion sakandarrari. Camarero gogotik saiatu zen baina ezin izan zitzaion indarrez beteta zegoen Antxiari nagusitu. (10-1 eta 10-4).Beste final laurdenetan Mikel eta Mitxelenak Bengoetxea VII.ari eta Garmendiari irabazi zieten; berdinketa hausteko jokatu zen hirugarren jokoan erabaki zen partida (10-10-7, 4-10 eta 5-1).Txapelketako finalerdiak Las Gaunaseko pilotalekuan jokatuko dira larunbatean. Antxia eta Huartek Alvaro Gomez eta Arretxe izanen dituzte aurkari, eta Amantegik eta Zabalak Mikel eta Mitxelena. Final handia, berriz, igandean erabakiko da, toki berean. Ez dugu ordezkari sakandarrik izango Jorge Nagore final laurdenetan ere txapelketatik kanpo geratu zelako.