Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Uharte Arakilgo Gazte Asanbladak (UAGA) urte bat beteko du. UAGA-ri garrantzitsua iruditu zaio efemeridea eta urteurrena hainbat ekitaldirekin ospatuko du. Haien aurkezpenean parte hartu zuten gazte uhartearrek adierazi zuten "garrantzitsua" dela urteurrena ospatzea, "herria poliki-poliki hiltzen doalako". Gazteek egoera horren aurka "borrokatzeko" daudela azaldu zuten. UAGA-k herrirako gaztetxe bat aldarrikatu du. Jakitera eman zutenez, arrazoi horregatik udalarekin ere bilerak izan dituzte. Zehaztu zutenez, "oraindik erantzunaren zain gaude". Gazteek ere haien egoeraren berri eman zuten: "gazteak garenez ez daukagu tabernetan egunero egoteko dirurik, eta eguraldi txarra egiten duenean hotza pasatzen dugu". Horregatik, haiendako egoitza baten eskaera egin zuten. EgitarauaUrteurrena ospatzeko UAGA-k bi "aldarrikapen egun" antolatu ditu. Gaur abiatuko dira antolatutako ekitaldiak Palestinaren aldeko egunarekin. 19:00etan murala margotuko dute eta 21:00etan Palestinaren aldeko antzerkia izanen da. Bihar, berriz, abiadura handiko trenaren aurkako eguna izendatu dute Uharteko gazte asanbladako kideek. 20:00etan batukadaren laguntzaz herrian barna manifestazioa eginen dute. Hura despeditu ondoren, 21:30ean afaria izanen da eta gaua kontzertuekin despedituko da. 23:30ean hasita Mister Moshing, The Sekta eta Di-Da taldeak ariko dira. DJ-en doinuek gaupasa ziurtatuko dute.