Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako bigarren finalerdia hartu zuen Uharte Arakilgo Larrebieta pilotalekuak. Nafarroa Oinezek antolatu zuen jaialdia, Egur Sportekin batera, Albaitaritzaren laguntzarekin. Elurrari aurre eginez jendea bildu zen Larrebietan, eta egiten zuen hotza arintzeko kañoia jarri zuten pilotalekuan, baina hala ere, hotza zen nagusi, nahiz eta aizkolariak izerditan bukatu. Ikusleen artean Perurena, Olasagasti, Larretxea, Nazabal, Lopez eta Saralegi izan ziren, eta jakina, Nafarroa Oinezeko maskotak, Argiñek, ez zuen huts egin. Jaialdia zuzenean eskaini zuen ETB 1-ek. Urrezko mailako finalerdietan Arrospidek eta Azurmendik Rekondo eta Arria izan zituzten arerio. Ez zen ezusterik izan eta Arrospide eta Azurmendi izan ziren jokoan zeuden sei probako denbora batuaz azkarrenak izan zirenak. Aipatzekoa da Leaburukoak eta Arriarangoak azkeneko bi lanetan erabaki zutela auzia, ordura arte, eta nahiz eta aurretik joan, gauzak nahiko estu baitzeuden, baina bukaera lanetan alde handia atera eta garaipena lortu zuten: Azpeitian aurki jokatuko den finalean Larretxearen eta Atutxaren aurka aritzeko txartela. Sei lanakLehenengo lana, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagoan erdibitu, Rekondo leitzarrarendako eta Arria errezildarrarendako izan zen, lanak 31 kolpetan amaitu baitzituzten. Arerioek hiru kolpe gehiago behar izan zituzten. Ondoren, txanda librean 60 ontzakoa zutik erdibitu behar izan zuten eta horretan Arrospide eta Azurmendi izan ziren nagusi (1:27). Besteek bi segundo gehiago behar izan zituzten. Hirugarren ekinaldian bi 45 ontzako erlojuz kontra moztu behar ziren, eta Arrospide eta Azurmendi izan ziren azkarrenak (1:22), kontrakoei hiru segundoko aldea atereaz. Hor aurreratu ziren Arrospide eta Azurmendi, baina kontrakoei soilik hiru segundoko tartea ateratzen zieten. Laugarren lanean 45 ontzako enborra zutik eta bestea etzanda erdibitu behar zituzten, eta proba hori ere gipuzkoarrek bereganatu zuten (2:04), arerioei 15 segundoko aldea atereaz. Bosgarren proban bi 60 ontzako moztu behar zituzten, eta enborrak 4 minutu eta 23 segundotan bota zituzten Arrospidek eta Azurmendik, 57 segundoko aldea aterata. Azken lanean, bi 45 ontzako, bi kana erdiko eta bi 60 ontzako zituzten txanda librean mozteko, eta gipuzkoarrek ez zuten huts egin (8:32). Minutu erdi bat pasa gehiago behar izan zuten Rekondok eta Arriak. Hortaz, nagusitasun osoz heldu dira finalera Arrospide eta Azurmendi, lan guztiak egiteko 18 minutu eta 21 segundo behar izan baitzituzten. Rekondo eta Arria V.ak, berriz, 20 minutu eta 15 segundo behar izan zituzten. Gazte mailan Saralegi-Olano heldu dira finaleraAipatutakoaz gain, Uharte Arakilgo jaialdian gazte mailako Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako lehen finalaurrea jokatu zen. Saralegi eta Olano aritu ziren Oihan eta Garikoitz Larretxea lehengusuen kontra. Nahiz eta iazko txapeldun Larretxeatarrak faboritoak izan, Saralegik eta Olanok lan bikaina egin zuten, Larretxeatarrak menpean hartuz. Lan guztiak egiteko 16 minutu eta 31 segundo behar izan zituzten Saralegik eta Olanok, eta Larretxeatarrek, aldiz, 17 minutu eta 14 segundo.