Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ag2r taldean dabilen Uharte Arakilgo Jose Luis Arrieta txirrindularia Qatarretik bueltan da, Qatarreko Tourra jokatu eta gero. Gaur Gara egunkariari egindako adierazpenetan, kontentu dago bertan egindako lanarekin. "Ez nuen halako lasterketarik espero, proba berria zen niretzat eta ezberdina izan da. Arreta handia eskatzen duen proba da, oso azkarra baita, eta edozein momentutan haizea hasten denez, ia egunero tropela zatikatuta heltzen ginen. Oso azkar gindoazen egunero eta hori ongi etortzen da, gainontzeko denboraldirako erritmoa hartzeko" adierazi du uhartearrak. Arrietak egutegi zabala dauka: Haut Var, Paris-Niza, Lizarra, Euskal Herriko itzulia, Flecha, Lieja, Romandia, Katalunia, Dauphiné, Frantziako Tourra, Donostiako klasikoa eta Espainiako Itzulia osatuko ditu aurten. "Ag2r taldean nagoenetik egutegi berbera da" dio Arrietak. Txirrindulari sakandarrak gaineratzen duenez, sarritan, gazteenei eman ahal dizkien aholkuengatik baloratzen dute gehien. "Zuzendariarengana joan baio lehen nigana jotzen dute askok, nire esperientzian konfiantza dute. Dena den, inportanteena ilusioa izaten jarraitzea da" dio Arrietak. Eta badirudi, momentuz, jarraitzeko ilusio hori baduela.