Larunbatean izandako istripuan emakume bat zauritu zen

Guaixe 2009ko maiatzaren 4a

Larunbatean, 9:10 aldera, Irurtzuneko norabidean zihoan auto batek istripua izan zuen Uharte parean. Ibilgailuak mediana zeharkatu zuen eta beste norabideko errepidean buruz bera gelditu zen. Ezbeharraren ondorioz autoa gidatzen zuen 63 urteko emakumea zauritu egin zen, baina ez larriki. Osasun zerbitzuek Bideko Ama ospitalera eraman zuten. Medikuek haien lana egiten zuten bitartean, eta autoa errepidetik kendu arte, Foruzaingoko bi patruilek Altsasurako norabidea seinaleztatu eta trafikoa arautu zuten. Ezbeharraren arrazoiak ez dira ezagutzen eta Foruzaingoa ari da hura ikertzen. Bestalde, larunbatean bertan, 8:45 aldera, A-1 autobian, Egino parean istripua izan zen. Hurbiltasuna dela eta, Altsasuko parkeko suhiltzaileak eta bi anbulantzia joan ziren ezbeharraren tokira. Zauritutako gizona Nafarroako Ospitalera eraman zuten osasun zerbitzuek.