V. San Juan Txapelketako 3. jardunaldia jokoan

Guaixe 2009ko ekainaren 5a

Igandean Aralar Mendi elkarteak antolatutako V. San Juan Pilota Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen, bero zapa izugarriarekin. Kadete mailan, Irurtzungo Idoatek eta Berazak 22-16 irabazi zieten Tollar eta Gastaminzari. Irurtzungoek sekulako kolpea erakutsi zuten, eta nahiz eta Tollarri partidan sartzea kostatu, oso tanto ederrak ikusi ziren eta Gastaminza atzelariak ere lan ederra egin zuen. Afizionatuetan Galarzak eta Bergerak 22-19 hartu zituzten menpean Irañeta eta Girones. Oso partida lehiatua izan zen, eta bederatzi aldiz berdintzera iritsi ziren bi taldeak. Irañetak ez zuen jakin Uharteko kaleko pilotalekuaren baldintzetara behar bezala egokitzen eta hainbat akats tartekatu zituen tanto ederrak egitearekin batera eta Gironesek ere partida ona egin zuen. Irabazleak, aldiz, primeran moldatu ziren Uharteko pilotaleku irekian. Galarzak dejada politak egin zituen eta Bergera izan zen akaso onena, segurtasun handiz aritu baitzen, bi eskuekin pilota behar bezala astinduz.  Igandeko partidakIgandean, hilak 7, V. San Juan txapelketako hirugarren jardunaldia egonen da jokoan, 11:30etik aurrera. Kimuetan: Mendiola-Gurutxarri -   Gorriti - HuarteAfizionatuetan: Renovales-Galarraga - Beitia-Razkin