V. San Juan Pilota Txapelketan txapelak eskuratzeko garaia

Guaixe 2009ko ekainaren 19a

Asteburuan V. San Juan Pilota Txapelketako jardunaldia jokatu zen Uharte Arakilen. Kimuetan Martija eta Berazak 18-14 irabazi zieten Zudaire eta Ustarrozi. Oso partida lehiatua izan zen, baina garaileek joko hobea erakutsi zuten. Eta afizionatuetan, Iraola eta Otxandorenak 22-13 hartu zituzten menpean Galarza eta Bergera. Iraola txapeldun nafarrak Galarzak baino azkarrago mugitu zuen pilota aurreko koadroetan, eta atzean lehia gogorra izan zuten Bergera arruazuarrak eta Iriarteren lekua hartu zuen Otxandorena baztandarrak. Oso partida serioa egin zuten eta bukaeran Iraola eta Otxandorena nagusitu ziren. Igandean Espainiako txapeldunak lanean ikusteko irrika handia zegoen, baina ezin izan zirenez aritu, Beitia eta Razkinek lortu dute ekainaren 24ko finaletarako txartela. Finalak asteazkenean jokatuko dira, San Juan egunean, 18:00etatik aurrera Uharte Arakilgo pilotalekuan. FinalakKimuetan: Roldan-Barriola (Zizur) - Martija-Beraza (Irurtzun) Kadeteetan: Jaka (Arbizu)-Andueza (Uharte Arakil) - Idoate-Beraza (Irurtzun)Afizionatuetan: Beitia (Elorrio)-Razkin (Uharte Arakil) - Iraola (Baztan)-Iriarte (Larraun)