Pilota partida profesionalak gaur Uharte Arakilen

Guaixe 2009ko ekainaren 25a

Uharte Arakilgo San Juan festak gogoz ari dira ospatzen, eta ospakizun horien barruan gaur arratsaldean Frontisek antolatutako pilota partida profesionalak jokatuko dira Larrebieta pilotalekuan, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Hain zuzen ere, Nafarroako lau t´erdiko txapelketaren barruan, Jorge Nagorek Ruiz de Larramendi izanen du arerio. Irurtzundarra orain sartu da lehian, final laurdenak jokatzen ari direnean, eta nahiz eta distantzia txikian espezialista hutsa izan, Ruiz de Larramendi dena ematera aterako da. Hortaz, partida polita espero da Uharte Arakilen. Bigarren partidan, Mikel eta Huartek Bengoetxea VII.a eta Jon Gorriti uhartearra izanen dituzte arerio. Gorriti eta Huarte atzelariak Aralar Mendi pilota eskolan formatu dira, eta hortaz ikuskizun handia dago partida honekin. Bestalde, gaur, Sestaoko Las Llanas pilotalekuan antolatutako jaialdiko partida nagusian, Titin III.arekin osatuko du bikoa Aitor Zubieta etxarriarrak, Gonzalez eta Eulateren kontra egiteko.