Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Uharte Arakilgo festetako egun handian, San Juan egunean, jokatu ziren Aralar Mendi elkarteak antolatutako V. San Juan Pilota Txapelketako finalak. Herriko pilotaleku irekiak hartu zituen partidak, eguzkiak bero jotzen zuela, eta zale asko hurbildu ziren pilotarien ikuskizunaz gozatzera. Giro oso ederrean eta jendearen animu oihuen artean jokatu ziren finalak, gainera, oso lehiatuak, animatuak eta ikuskizunez betetakoak izan ziren. Final ikusgarriakKimuen finala izan zen, akaso, sosoena, Irurtzungo bikote Martijak eta Berazak 18-8 irabazi baitzieten Zizurko Rondali eta Barriolari. Irurtzundarren nagusitasuna erabatekoa izan zen. Kadeteetan, aldiz, emozioa erabatekoa izan zen, Uharte Arakilgo Anduezak jokatzen zuela ere kontuan izanda. Aurreko koadroetan Jaka arbizuarraren laguntza izan zuen Anduezak, eta arerio irurtzundarren kontra aritu ziren: Idoate eta Beraza. Eguzkiak gogor astintzen zuen orduan eta pilotariak izerdi patsetan zeuden, eta nahikoa lan izan zuten. Partida paretsua izan zen, emozio handikoa, baina Jakari eta Anduezari 19-22 irabazi zieten Idoatek eta Berazak. Herriko semea txapelik gabe geratu zen. Baina ez zen hala gertatu afizionatuetan, txapeletako bat Uharte Arakilen geratu baitzen. Razkin uhartearrak Beitia izan zuen lagun aurreko koadroetan, eta Iraolaren eta Iriarteren lekua bete zuen Otxandorenaren kontra jokatu zuten finala. Partida ederrean, 22-14 gailendu ziren Beitia eta Razkin, Uharte Arakilgo pilotalekua betetzen zuten zaleen gozamenerako. Sari ematea egin zen ondoren, eta Aralar Mendi Pilota Klubeko ordezkariekin batera Uharte Arakilgo udaleko alkate eta ordezkariak eta Nafarroako Pilota Federazioko buru Migel Pozueta izan ziren sariak banatzen. Bukaeran afari ederrean bildu ziren.