Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Mendiko lasterketek gora egin dutela ez dago esan beharrik ere, eta mendi lasterketen barruan badago oso kuriosoa den modalitate bat: lasterketa laburrak, baina oso gogor eta ikusgarriak, mendiaren oinaren eta tontorraren arteko ibilbide zuzenena bilatzen dutenak, igoera denborarik laburrenean gainditzeko. Korrikalariak banaka ateratzen dira eta euren lana kronometratu egiten da. Bada, Sakanak halako proba bat izanen du, Uharte Arakilgo Aralar Mendi elkarteko mendi batzordeak Uharte Arakil-Beriain 1 km bertikala antolatu baitu irailaren 20rako. Goizeko 10:00etan abiatuko da proba, Uharteko plazatik, eta korrikalariak Beriain gainera igo beharko dira (1.494 m). Pilatutako desnibela 1.200ekoa da, eta osatu beharreko distantzia 4.750 metrokoa. Izena ematea abuztuaren 10etik aurreraProban izena emateko www.uhartearakil-beriain.com web gunera jo behar da, abuztuaren 10etik irailaren 10era bitartean bertan inskripzioa egin baitaiteke. Web orrian ere probaren xehetasun guztien berri ematen da, edo bestela 600 052 246 telefonora jo daiteke (Juanjo). Uharte Arakil-Beriain kilometro bertikala bi txapelketeten barruan sartuta dago. Alde batetik, I. Euskal Herriko Igoera Bertikalen Zirkuituaren barruan, ekainaren 21ean jokatutako II. Anboto km bertikala eta uztailaren 26an Azpeitiako Zuzenien probekin batera. Eta bestetik, Nafarroako Mendi Lasterketen I. Koparako baliagarria da. Proba prestatzeko lanetan murgilduak daude uhartearrak.