Angel Arrieta eta Jaime Gorriti nor baino nor

Guaixe 2009ko urriaren 1a

Uharte Arakilgo plaza leporaino bete zen astelehen arratsaldean, San Migel bezperan. Ikusmira handia sortu zuen Angel Arrieta eta Jaime Gorritiren arteko desafioak. Aralarko San Migel gainera joan-etorria egin behar zuen Angel Arrietak. Jaime Gorritik, berriz, 3,15 metroko zirkunferentziako enborra zuen mozteko. Nor izanen zen azkarrena? Herriko tabernetan Angelen alde zeuden apustuak, baina norgehiagoka hasi eta berehala sortu ziren zalantzak. Izan ere, primeran hasi zuen lana Uharteko aizkolari beteranoak. Ordu erdia bete baino lehen eman zuen buelta enbortzarraren gainean, lehen aldea amaitu eta gero. 40 minuturen bueltan iritsi ziren lehen berriak Aralar gainetik. Angel Arrieta ziztu bizian zihoan behera aldera eta Jaime Gorriti, berriz, erritmoa mantsotzen hasia zegoen ordurako. Giroa gero eta beroago zegoen Uharte Arakilgo plazan. Kronometroak 56,02ko denbora markatzen zuenean sartu zen plazan Angel Arrieta, herritarren txalo zaparradaren artean. Jaime Gorritik ordu bat 16 minutu eta 55 segundo behar izan zituen lana amaitzeko. "Nahi baino gehiago" penatu zen aizkolaria, "bizkarra minez amaitu dut" azaldu zuen. Baina batak edo besteak irabaztea baino, ikuskizuna ematea zen bien nahia. Ezbairik gabe lortu zuten helburua.