Talde-erakusketa berria mustu du Miren Ustarrozek

Guaixe 2009ko urriaren 7a

Asteartean mustu zen Gehitzen: Cinco formas del sentir erakusketa Getxon. Bost artisten artean egin dute erakusketa, Miren Ustarroz uhartearra tartean. Sakanako eskulturagileak ohiko lagunak izanen ditu alboan: Idoia Unzurrunzaga argazkigilea, Marta Fernandez bitxigilea eta Carmen Marin eta Maritxu Intxausti margolari, artista grafiko eta eskultoreak. Bost artisten pentsaera, sentimendu eta adierazpenek bat eginen dute erakusketan. Nork bere forma emanen dio sentimendu horri: argazki, bitxi -edo gorputzerako eskultura-, margolan nahiz eskultura forma. Erakusketa askotarikoa izanen da alde horretatik; baina, hala ere, "batasuna dago artelanen artean". "Piezak elkarren artean hizketan ari  direla dirudi" esan digu Mirenek. "Berez sortzen den zerbait da, lanak ez baititugu erakusketa aurreko astera arte biltzen" gehitu du. Gehitzen erakusketa ikusgai egonen da urriaren 16ra arte, Getxoko Erromoko aretoan. IkaskideakMiren Ustarrozek, Idoia Unzurrunzagak, Marta Fernandezek, Carmen Marinek eta Maritxu Intxaustik elkarrekin egin zituzten ikasketak. "Adinez zaharrenak ginen eta kritikoak ginen, eta horrek batu egin gintuen" esan digu Mirenek. Ikasketak amaituta, behin baino gehiagotan egin dituzte erakusketak elkarrekin. "Zentzuzkoagoak iruditzen zaizkit talde erakusketak" adierazi du uhartearrak. Duela urte batzuk bost artisten elkarlana ezagutzeko aukera izan genuen Sakanan. Erakusketa berria Sakanara ekarriko duten galdetuta, zalantzak sortu zitzaizkion Miren Ustarrozi. "Asko kostatzen da erakusketa bat antolatzea" adierazi du, "agian, beste erakusketa bat izanen dugu ordurako".