Satorrek, santutegiko absidetik gertu, lurretik ateratako hezurtxoak behin baino gehiago ikusi zituen txikitan Migel Angel Zubiriak, luze bizi izan baitzen han urdiaindarra. Oroitzapen horren berri arkeologo batzuen belarrietara iritsi zen eta hala hasi zen agorrilaren 3an zundaketa santutegi ondoan.
Agorrilaren 28ra arte iraun zuen eta santutegira hurbildu ziren guztiek Larrate enpresako arkeologoak lanean ikusi eta azalpenak entzuteko aukera izan zuten. Nahia Senper arkeologoak Beleixe Irratiari azaldu dionez, "gorpuak segituan atera ziren. Pentsa dut satorrek ateratzen zituztenak hasierako geruzakoak zirela. Betelan bat zen, hezurrak, teila puska eta halakoak zeuden".
Zundaketak
Arkeologo taldeak aurreneko zundaketa absidetik nahiko hurbil egin zuen, "hilobiak normalean han egoten zirelako" zehaztu du Senperrek. Lau metro karratuko azalera hartu zuen aurreneko zundaketak. Hiru pertsona helduren eta haur baten gorpuak aurkitu zituzten han.
Hilobiak agertzean nekropoliaren tamaina ezagutzeko asmoz beste zundaketa bat egitea erabaki zuen lau arkeologoen lantaldeak. Lehen zulotik 20 metrora edo egin zuten 2. zundaketa, santutegitik 13 metrora. 1,5 x 1,5 metroko azalera hartu zuen eta bi gorpu gelditu ziren agerian. Senperrek Beleixe Irratian azaldu duenez, "horrela konturatu ginen nekropoli edo hilerri koxkorra zela".
Hipotesiak
Hilerrikoak nor diren jakitea da orain lanetako bat. Santutegian inor ez zen bizi modu jarrian. Inguruan herriak izan ziren eta biztanleak izan litezkeen ere ez dute baztertu ikerlariek. Beste aukeretako bat santutegian eskaintzak egindako nobleen gorpuak izatea. Senperrek azaldu duenez "mila hipotesi ditugu irekiak". Zundaketa berriek argibide gehiago emanen lituzketela azaleratuko lituzkete. Bitartean santutegi ondoan egindako zuloak estaliak daude eta arkeologoak ikerketa lanean buru belarri ari dira.
Erdi Aroko hilerria
Sei gorpuek burua mendebaldera, eta oinak ekialdera dituzte, orientazio kristauan. Hilobi "xumeak" dira. Lehen zundaketako hilobiak haitzean daude eta bestean bi hilobi opatu ditugu lajekin, harriekin. Arropa zantzuak, txanponen bat, zeramika puskak eta gurutze bat duen hilarri bat opatu dituzte.