Udalak 2010eko aurrekontua onartu du

Guaixe 2009ko abenduaren 29a

Uharte Arakilgo Udalak abenduaren 21ean egindako bilkuran heldu den urterako 884.759 euroko aurrekontua onartu zuen. Udalaren finantza egoera dela eta inbertsio gutxi aurreikusi dira heldu den urterako. Aurreikusitako inbertsioen artean igerilekuetan, dutxarako ura berotzeko eguzki plakak jartzea dago (15.000 euro). Horretaz gain, herri-gunea eta Zerradoa auzoa lotzen dituen Geltoki kalean ibilgailuen abiadura murrizteko bospasei guardia etzan jarriko dira, egungoak ordezkatuz. 15.000 euro bideratuko dira horretara. 2010eko diru kontuak alkatetzaren taldeko aldeko lau boz eta hautetsi independentisten kontrako hiru boz jaso zituzten. Bestalde, udalak aho batez onartu zuen Sakanako Mankomunitateak gizarte zerbitzuak eskaintzeko aukera. Horrekin batera, Josefina Arregi klinikarendako hitzarmen egokia eskatu du Uharteko Udalak. Bestetik, industrialdeko partzela baten salmenta prezioan %10eko jaitsiera egitea onartu zuen udalak, baita zenbait udal zerga igotzea. Azkenik, hautetsi independentistek aurkeztutako hiru mozio ez ziren onartu. Bata, azken atxiloketak salatzen zituen. Bestea amiantoaren erabileraren ingurukoa zen eta, azkena, EHGAM-en mozioa zen, kondoiaren erabileraren aldekoa eta Aita Sainduak hari buruz esandakoak kritikatuz. FuntsaEnplegurako Toki Inbertsioaren Estatu  funtsetik Uharte Arakilgo Udalak 85.405 euro jasoko ditu. Diru hori San Migel ikastetxe publikoko teiladura berritzera bideratuko du udalak. 17an hartutako erabakia aldeko lau boz eta abstentzio batekin onartu zen.