Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean ospatu zen odolemaileen elkarteko Uharte Arakilgo delegazioaren festa. Elizkizuna eta gero, 120 emaile Aralar Mendi elkartean bildu ziren. Ekitaldian Adonako buru Jesus Mari Mas eta Asun Adot idazkaria izan ziren, eta Sakanako beste odol emaile delegazioko ordezkariak. Masek eta Uharteko elkarteko delegatu den Jose Mari Ustarrozek gazte jendea odol emaile egiteko premia nabarmendu zuten, "jendeak adinagatik erretiroa hartzen duelako eta haiek utzitako tokiak betetzeko behar bezain beste jende ez dagoelako". Odol emaile egitearekin batera, hezur muineko emaile egitera ere animatu zituzten gazteak. "2009an 31.000 donazio erabili ziren, 15 tona odol guztira. Eta guztia erabili da. Geroz eta odol gehiago behar da, horregatik odol emaileen belaunaldi berria behar dugu. Gazteak animatu nahi ditugu emaile izatera" adierazi zuen Jesus Mari Mas presidenteak. Ustarrozek odol donazioa egin eta gero sentitzen den "satisfazioa" nabarmendu zuen. Igandeko festan lau odolemaile omendu zituzten. Odola 50 alditan emateagatik urrezko domina jaso zuen Juan Jose Vitoria Garziandiak. 25 emate egiteagatik zilarrezko domina eskuratu dute Pedro Jose Ansa Zubietak, Julian Martiarena Aizkorbek eta Candida Matias Franciscok. DatuakUharte Arakilgo delegazioa, Hiriberritik Arruazura bitarteko herriek osatzen dute. 161 emailek osatzen dute elkartea. Haietatik 81k ematen dute, gainontzeko 80ak adin edo osasun arazoengatik bajan daude. Iaz odola eman zuten delegazioko kideak 43 izan ziren.2009an aurreko urtean baino sei emate gehiago egin zituen Uharteko ordezkaritzak, 67 guztira. 65 odol emate normalak izan ziren eta 2 autotransfusioak. Odol emate gehienak elkartearen autobusean egin ziren, 36, gainontzekoak beste herri batzuetan. Iaz aurrenekoz odola bi kide berrik eman zuten. 41 urteUharteko delegazioko lehen odol ematea apirilaren 28an egin zen. Aurten 41 urte beteko dira. Areto futboleko torneoaEstreinakoz, eta gazteen artean odola ematea sustatzeko, Sakanako Adonako ordezkariek areto futbol txapelketa antolatu zuten. Torneoan Egiarreta, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Iturmendi, Altsasu eta Olatzagutiako talde banak parte hartu zuen. Uharteko Larrabieta pilotalekuan, larunbatean, final erdirainoko partidak jokatu ziren. Torneoa igandean erabaki zen. Uhartek Egiarreta menpean hartu zuen eta torneoko nagusi bihurtu ziren. Kontsolazio finalean Olatzagutiak Iturmendi menpean hartu zuen. Uhartearrek herriko igerilekuetako jatetxean afaria irabazi zuten. Podiuma osatu zuten taldeendako garaikurrak izan ziren eta talde guztiek gazta eta txistorra lote bana jaso zuten.Ustarrozek Beleixe Irratiari jakinarazi dionez, "halakorik egiten den lehen aldia da eta esperientzia bezala oso ona izan da". Uharteko ordezkariak irratiari aurreratu dionez, "aurki Sakanako ordezkariak bilduko gara eta urtero halako zerbait egiteko asmoaren inguruan ariko gara". Esperientziaren berri elkartearen zuzendaritzari jakinaraziko diote eta "merezi duela" nabarmenduz. Odolemaile egitekoElkartearen autobusetik pasatu edo Nafarroako Ospitalearen ondoan dagoen odol bankura jo daiteke.