Hirigintza arauen aldaketa Auzitegian Gorenean bukatu du

Guaixe 2010eko apirilaren 29a

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzi Salak ez du onartu Uharte Arakilgo Udalak jarritako helegitea atzera bota du; aurretik Nafarroako Auzitegi Administratiboak egin bezala (2008-01-09). Epaiak baliorik gabe utzi du Uharte Arakilgo Udalak hirigintza planeko lur urbanizagarriaren arloan egindako hasierako onarpena (2005-07-29) eta behin behineko onarpena (2007-11-04). Aldaketa hori Iruburu eta Zubiaur-Mendikoa industrialdeei dagokie. Iruburuko industrialdeak 60.000 m2 ditu eta Cosntrucciones Pagozelayk eta  Maderas Navarrok sustatu zuten. Gaur egun eraikia dago. Bigarren industrialdeak 90.000 m2 ditu eta gaur egun tramitatzen ari da. Hilaren 19an egindako bilkuran Uharte Arakilgo Udalak erabaki zuen Auzitegi Gorenean kasazio helegitea aurkeztea. Horren alde egin zuen alkatetza duen San Migel taldeak eta aurka hautetsi independentistek. Hauek, legegintzaldi honetan, segida eman diote aurreko legegintzaldian oposizioan zegoen Atxeki taldeak aurkeztu zuen auzi-bideari. EpaiaAurreko legegintzaldian Uharte Arakilgo alkatea Jesus Navarro Lakuntza zen. Maderas Navarro enpresako jabe eta hirigintza aldaketak aurreikusi ziren tokian lurrak zituena (%32,15). Alkateak aldaketak onartu ziren bozetan abstenitu behar ote zen aztertu dute epaileek eta abstenitu beharra zuela epaitu dute. Epaileek diote bere botoa erabakigarria izan zela botazioko berdinketa hausten zuelako (lau eta hiru izan zen bozketaren emaitza). Udalak horren kontra argudiatu zuen alkateak ez zuela abstenitzeko beharrik aldaketa sustatzen zuten enpresetako baten jabeetako bat izateagatik, eta ondorioz aldaketan interes zuzena izateagatik. Udalaren defentsaren iritziz interes orokorraren eta interes partikularraren arteko kointzidentzia egon daiteke baina horrek kasu guztietan ez du zinegotziaren botoa baliogabetzen. Epaileek horien kontra egiten dute azalduz jarduera administratiboaren inpartzialitate eta neutralitatean oinarritzen dela abstentzioa. Gauzak horrela, epaileen iritziz alkateak abstentzio eman behar zuen, enpresa sustatzaileetako baten jabeetako bat zenez aldaketak zuzenean eragiten ziolako. Ezker abertzaleak "udala promotore primatuen mesedetan erabiltzea" salatu duAsteazkenean prentsaurrekoa eman zuten aurreko legegintzaldian zinegotzi izan ziren Atxeki taldeko kideak eta egungoan zinegotzi diren independentistak. Salatu zuten "onura pertsonalen mesedetan udalaren erabilpen maltzurra" egiten ari direla. Epaien ondorioen arduradun bi legegintzalditan San Migel taldea osatzen dutenena dela ziurtatu zuten ezker abertzaleko kideek. Irurburu industrialdea urbanizatzeko lanak azken udal hauteskundeak hasi baino hamar egun lehenago eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak epaia eman aurretik hasi izana salatu zuten, "euren asmoa atzeraezina bihurtzea zelako". Alkatetzaren taldeari "beste hirigintza plan batekin egoera zuzendu nahi" izatea leporatu zioten. Horrekin batera, hautetsiek salatu zuten onartu zen hirigintza aldaketak ez ziola "inongo irizpide teknikori ezta Uharte Arakilgo herritarrei erantzuten zien interes orokorrei erantzuten". Nabarmendu zutenez, udal plana uhartearren zerbitzura egon beharko luke. "Jokoan dagoena gure herriaren eredua eta etorkizuna da, guztion artean erabaki beharrekoa". Ezker abertzaleak "herriak protagonismoa hartu behar duela uste duelako" ostiralean, 20:00etan, batzarra deitu du.