Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean Uharte Arakilgo Udal bilkuran San Migel talde independenteko lau hautetsiek dimititu egin zuten (Joaquin Uharte Lakuntza alkateak eta Martin Iribarren Ezkurra, Joaquin Navarro Lakuntza eta Manuel Goikoetxea Galarraga zinegotziek). Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzi Salak Zubiaur-Mendikoa industrialdeen aprobazioko tramite bat ezeztatu ondoren "kritikak baino, deskalifikazio eta irain pertsonalak jaso" dituztela azaldu zuten. Dimisioa eman duten San Migel taldeko kideek ezker abertzaleko zinegotziek esandako "gezurrak" salatu zituzten: "hirigintza plan berria egin nahi genuela interes pertsonalak legeztatzeko edo Epaitegi Gorenean helegitea jartzen dugula diru publikoarekin enpresak laguntzeko". San Migel taldeko kidek esan dute "behin eta berriro, eta idatziz ere, ez dugula hirigintza plan berri bat sustatu behar, hori baten batek aitzakia gisa hartu, gezurra esan, industrialdea legeztatzeko dela esanez". Hala ere, herriarendako hirigintza plan berria "komenigarria eta beharrezkoa" dela uste dute. JokabideazDimisioa eman zuten lau zinegotziek adierazi zutenez, "hartutako erabakiak beti udalaren interesen alde eta aurretik udalak hartutako akordioen alde" hartu dituzte. Horien artean dago udalak aho batez industrialdea handitzeko akordioa (2004-02-26). Dimisioa aurkeztu duten hautetsien iritziz industrialdea zabaltzeko asmoa "jokabide positiboa da herriarendako industria berriak ezartzea dakarrelako, udal ondarea handitzen delako eta udalarendako %1eko kostua besterik ez duelako". Uharten sortzen ziren gaiei ahalik eta hoberen erantzuteko interes eta konpromisoarekin aurkeztu zirela hauteskundeetara nabarmendu zuten. "Beste batzuek kontrakoa sinestarazi nahi badute ere, ez dugu inolako interes ezkuturik defendatzeko". San Migel taldeko lau zinegotziek udalean ez jarraitzea erabaki dute "batzuek animoak sutu eta Uharteko bizikidetza ez gaiztotzeko". San Migel taldekoek jakinarazi zuen enpresek Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian helegitea jarrita dutela eta haren jarraipena defendatuko dutela. Aldi berean, epaia irmoa ez dela eta Gorenera jo daitekeela gogorarazi zuten. Bestelako iritziaUharte Arakilgo zinegotzi independentistek azaldu dute ez haiek ezta uhartarrek deitu dituzten herri batzarrek ez dutela ez irainik ez gezurrik esan. "San Migel taldea da gezurretan aritu dena, Udala interes pertsonalaren zerbitzura jarriz". Zinegotzi independentisten esanetan, "gezur horiek" agerian utzi dituztenak epaitegiak izan dira, "interes pertsonal hori egon dela ebatziz". Ezker abertzaleko zinegotziek azaldu zuten haiek epaiaren inguruko balorazioa prentsaurrekoan eman eta gero herritarren batzarra sortu zela. "120 pertsona baino gehiago bildu ziren, kolore guztietakoak". Batzarrak sustatuta, sinadura bilketa egin zuten hiru eskaerarekin: "batetik, udalak epaitegi gorenean aurkeztutako helegitea kentzea. Bestetik, udal plana gelditzea egoera guztia argitzen ez den bitartean. Eta, azkenik, prozesu honen ondorioz herriak kalterik izango balu, kalte hori sortu duten zinegotziek ordaintzea". Ezker abertzaleko zinegotziek jakinarazi dutenez, 300 sinadura bildu zituen herritarren batzarrak. Zinegotzi horiendako sinadura horien bidez herriak "aski da" esan du.BerretsiHoriek horrela, ezker abertzaleko zinegotziek diote "San Migel taldeak jaso duen presioa 300 herritarren sinadura eta epaitegiak esan dutena" dela. Eta gaineratu dutenez, "Uharte Arakilen gertatutakoak udalaren erabilpen maltzurraren ondorio da". Hautetsi independentistek ziurtatu dutenez, "bilera guztiak normaltasunez egin dira, ez da ez irainik ez deskalifikaziorik egon". San Migel taldeari egotzi diote "jendea iraindu duten bakarra" izatea. Ezker abertzaleko zinegotzi uhartearrek adierazi dutenez, "orain arte salatu dugun guztia bete egin da eta, beraz, herriari helarazitako idatziak berresten ditugu, datu objektiboak ditugulako eta euren erru-gabezia ez dutelako erakutsi".Uharteko herriaren borondatea errespetatzeko asmoa azaltzearekin batera, irtenbidea "borondate horretan oinarrituko dela" ziurtatuko dute. "Egoera honi irtenbidea emateko eta egoeraren berri emateko, herri batzar bat deitu dugu datorren astearterako, 18:00etan". UdalaSan Migel taldeko lau zinegotzien dimisioaren ondoren udalean hiru hautetsi independentista geratzen dira. Hau da, udalbatzaren (zazpi) erdia baino gutxiago. Hauteskunde Juntak San Migel taldeko beste hautagaiengana joko du ordezko bila. Haiek nahi ez badute adinez nagusiko edozein uhartearrek udalean sartzeko aukera izan dezake. Horiek eta udalean geratu diren zinegotziek kudeaketa batzordea osatuko lukete.