Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean Euskal Jokoen VII. Xiba Topaketako Nafarroa Garaiko taldeen kanporaketa hartu zuen Burlatak. Euskal joko eta kiroletan aritzera animatu ziren taldeak hiru izan ziren: Hiru Herri, Paz de Ziganda ikastola eta Uharte Arakil-Irañeta. Etxarri Aranatz aritzekoa zen, baina azken orduan ez zen animatu, jokalarien falta zela eta. Primerako giroan eta eguraldia lagun, Xibako probei ekin zieten hiru taldeek: harri-jasotzea, ingudea, lasto-altxatzea, dantza, trontza, oskolak, txingak, zaku-eramatea, toka, xiba, musa eta sokatira, tartean. Ikusleen animo oihuak ez ziren falta izan. Bukaeran, 146 puntura berdindu zuten Uharte Arakil-Irañetak eta Hiru Herrik, eta hirugarrena Paz de Ziganda izan zen. Xiba jokoen Euskal Herriko final handia Arbizun jokatuko da, ekainaren 26an, San Juan festetan. Bertan herrialdeetako jaialdietan sailkatutako talde onenak ariko dira, Uharte Arakil-Irañeta tartean.