Herritarren batzarrak dio dimisioa eman dutenek

Guaixe 2010eko ekainaren 16a

Halaxe adierazi zuten asteartean emandako prentsaurrekoan. Uharteko Herritarren Batzarrak ukatu egin zuen inor mehatxatu edo iraindu zutenik. Horrekin batera dimisioa emandakoei leporatu die "bi legegintzaldietan udala onura propiorako erabiltzea". Batzarreko kideen ustez "epaiek argi utzi dute hirigintza arauen aldaketan alkateak abstenitu behar zuela eta akordioagatik onura lortzen zuela". "Herri borondateaz abusatzea" leporatu diete dimisioa eman dutenei. Jaso dituzten 300 sinadurekin (udal hauteskundetan 417 boz izan ziren) hiru eskaera egin zirela jakinarazi zuten: goreneko helegitea erretiratzea, hirigintza plana geldiaraztea eta herriari sortutako kalteak dimisioa emandako zinegotziek bere gain hartzea. Asteartean agerraldia egin zutenek ziurtatu zutenez, "sekula ez dugu zalantzan jarri industrialde baten beharra". Herriaren garapenaren eta herri gunetik gertu dauden enpresak urruntzearen alde azaldu ziren. "Enpresa berriak herrian kokatzeko lurra izan behar dela uste dugu". Batzarkideen ustez "Uharte Arakilek urrezko aukera galdu du bere garapenean eragiteko eta herriko industria lekualdatzeko tresnak izateko". UdalaGaur egun udalean hiru hautetsi independentista daude. San Migel Talde Independentearekin hauteskundetara aurkeztutako zerrendako kide guztiek uko egin diote karguak hartzeari. Hala jakinarazi zuen atzo Gaizka Uharte hautetsiak. Zinegotzien kopuruaren erdia lortzen ez bada (lau), batzorde kudeatzailea sortuko litzateke.