Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ez datoz berri onak Suitzako Tourretik. Astearteko etapan, helmugara heltzeko 100 metroren faltan, sekulako erorikoa izan zen, eta lurrera erori zirenen artean Ag2r taldeko Jose Luis Arrieta uhartearra zegoen. Hasiera batean ez zirudien min handia hartu zuela, baina besoan erradiografia egin eta gero erradioko buruan haustura duela ikusi dute. Suitzako Tourra utzi eta hilabete bat egon beharko du osatzen, eta Frantziako Tourrean ezingo da aritu. Aurtengoa ez da urte ona berriki 39 urte bete dituen Uharte Arakilgo beteranoarendako. Paris-Nizan soleoa apurtu zuen eta hilabete pasa eman zituen osatzen. Lasterketetara bueltatu eta berehala, Trentinoko Giroan, erradioko lepoa hautsi zuen, beste hilabete pasa geldirik egonez. Eta Suitzako Tourrean azken lesioa izan du. "Aurten ez naiz Tourrera iritsiko. Haustura hau erradioaren burukoa da, luzeran, hain justu euste-puntu bat den gunean" zioen Jose Luis Arrietak. Suitzako Itzuliarekin jarraituz, Arrietarekin batera Euskalteleko Pablo Urtasun ari da lehian. Atzoko etapa euripean pasa behar izan zuten txirrindulariek. Marcus Burghardt (BMC) nagusitu zen etapan, eta Pablo Urtasun 138.a izan zen, 11:12ra. Sailkapen orokorrean Toni Martin (Columbia) zen lider, eta urdiaindarra 73.a zen, 11:51ra. Sprint berezien maillota eta mendiko maillota Euskalteleko Javier Aramendiak eta Aitor Hernandezek zituzten, talde laranjaren lan onaren isla. Igandean despeditzen da itzulia, eta mendi etapa gogorrak dituzte aurretik.