Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aralar Mendi elkarteko mendi klubak antolatuta, hemendik aste batera jokatuko da Uharte Arakil-Beriain II. Km Bertikala, irailaren 19an, igandean, goizeko 10:00etan hasita. Proba bi txapelketetarako baliagarria da: II. Euskal Igoera Bertikalen Zirkuitua erabakiko du, eta Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuiturako puntuagarria izango da. Uharte Arakildik aterata Beriaingo San Donato ermita izango dute helburu (1.494 m) irteera hartuko duten korrikalariak. 5 km-ko lasterketa da, baina 1.023 metroko desnibelarekin eta sekulako etapa eta maldekin. Km bertikaletan egin ohi denez, parte hartzaileak banaka-banaka aterako dira, proba kronometratua izango baita. Izena ematea non eta nolaIaz 146 korrikalari aritu ziren, horietatik 23 sakandar, eta aurten ere emaitza ona izan nahi dute antolatzaileek. Oraindik ere izena ematea zabalik dago, eta horretarako www.uhartearakil-beriain.com web gunean egin behar da inskripzioa, irailaren 12ra arte. Federatuek 15 euro ordaindu behar dituzte, eta federatu gabekoek 18 euro. Web orriarekin arazoren bat duenak 600 052 246 telefonora hots egin dezake.