Udaleko Kudeaketa Batzordea osatzeko deialdia egin dute

Guaixe 2010eko irailaren 8a

Nafarroako Gobernuak astelehenean egindako bilkuran erabaki zuen Udaleko Kudeaketa Batzordea osatzeko uhartearrei deialdi publikoa egitea. Dagoeneko hiru hilabete pasa dira San Migel zerrendan aurkeztu ziren alkatea eta hiru zinegotzik dimisioa eman zutela (ekainaren 4an dimititu zuten). Zerrendan aurkeztu ziren gainontzeko hautagaiek eta ordezkoek uko egin zioten udalean sartzeari dimisioa eman zutenen partez. Horretaz gain, San Migel hautagaitzako hauteskunde ordezkariak uko egin zion zinegotzi berriak izendatzeko proposamena egiteari. Gauzak horrela, Uharte Arakilgo Udalean gaur egun ezker abertzaleko hiru zinegotzi besterik ez daude. Udalak zazpi ordezkari ditu, eta dauden zinegotziak kopuruaren erdia ere ez direnez haiekin batera udalean ariko den jendea behar da. Guztien artean osatuko lukete Kudeaketa Batzordea. Nafarroako Gobernuak egindako deialdiaren ondoren, araudiak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituzten uhartearrek haien burua batzordekide aurkezteko aukera dute. Nafarroako Gobernuak batzordekideak izendatu eta hiru egunetara Kudeaketa Batzordea osatzeko bilkura eginen da. Orduan batzordekideek karguak hartuko dituzte eta boto gehien biltzen dituenak batzordeko presidente izanen da. Hau da, alkatearen zeregina eginen du. Hautagai baldintzak - Adinez nagusi izatea. - Uharten errotuak egotea. - Karguetarako ezgaituak ez egotea. - Hautaezintasunik ez izatea. - Zerrendetan aurkeztutakoek ezin izanen dute aurkeztuLehenagoUharte Arakilgo ezker abertzaleko zinegotzien ustez "nafarroako Gobernuaren erabakia berandu dator. Lehenago erabaki behar zuten, hiru hilabete hauetan udala geldi egon delako eta gai batzuk aurreratuago egon zitezkeelako". Ezker abertzalearen zerrendak 2007ko udal hauteskundeetan 199 uhartearren babesa jaso zuela gogorarazi dute, "hori da gure babesa". Horrekin batera nabarmendu dute 300 uhartearren sinadurek eragin zutela udaleko lau dimisioak. Uharte Arakilgo ezker abertzalea  "herritarren interesen alde dauden guztiekin elkarlanean aritzeko prest" azaldu da.