Beriain helburu

Guaixe 2010eko irailaren 17a

Aralar Mendi elkarteko mendi klubak antolatuta igandean, irailaren 19an, Uharte Arakil-Beriain II. Km Bertikala jokatuko da. Proba bi txapelketetarako baliagarria da: alde batetik II. Euskal Igoera Bertikalen Zirkuitua erabakiko du - baliagarriak diren gainontzeko probak Anboto km bertikala, Txindoki km bertikala eta Azpeitiako Zuzenien km bertikala dira - eta, bestetik, Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuiturako puntuagarria izango da. Igandean 10:00etanIgandean goizeko 10:00etan abiatuko da proba Uharte Arakilgo frontoitik. Km bertikaletan egin ohi denez, parte hartzaileak banaka-banaka aterako dira, proba kronometratua izango baita. Uharte Arakildik aterata Beriaingo San Donato ermita izango dute helburu parte hartzaileek (1.494 m). Proba motza da baina intentsitate handikoa: 5 km-ko lasterketa, baina 1.023 metroko desnibelarekin eta sekulako etapa eta maldekin. Iaz 146 korrikalari aritu ziren, horietatik 23 sakandar, eta aurten 162 daude izena emanda. Inskripzioa itxita dago baina informazioren bat nahi duenak antolakuntzaren web orrira edo 600 052 246 telefonora jo dezake. Aurten 150 korrikalarik osatu dute inskripzioa. Gainontzeko korrikalarien denboraren erreferentziarik ez dutenez, lasterkariek erlojuaren kontra eta euren buruaren kontra egin behar izaten dute lana. Iaz Didier Zago espezialistak sekulako erakustaldia eman zuen (40:41), eta lehen sakandarra helmugan 9.a sartu zen Jose Luis Beraza uhartearra izan zen (47:09). Ikusleek korrikalarien lana gertutik ikusteko aukera dute. Edozein toki da aproposa proba jarraitzeko, baina azken zatia da gogorrena eta ikusgarriena. SariakNeska eta mutilendako sariak izango dira: txapeldunek garaikurrak, txapela eta 300 euro jasoko dituzte, bigarrenek garaikurra eta 150 euro, eta hirugarrenek garaikurra eta 100 euro. Beteranoendako garaikurra izanen da. Lasterketa guztia ongi ateratzeko antolakuntzatik 40 pertsona inguru ariko dira lanean lasterketa egunean. Probako informazio guztia: www.uhartearakil-beriain.com