Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Laneko SAL enpresak bi ekoizpen adar ditu. Batean,fidagarritasun altuko torlojugintzan aritzen da, eta bestean errepideko garraio berezietarako ekipoak egiten ditu. Azken sail horretarako ez dago lan eskaerarik. Horrek eraman ditu, atzera ere, zuzendaritza eta langileen ordezkariak (LABeko 3 kide eta ELA, CCOO eta UGTko bina) mahaiaren inguruan esertzera. Zuzendaritzak langile guztiendako enplegu erregulazio espedientea proposatu du. Langile guztiei eraginen lieke eta urriaren batetik heldu den urteko agorrilaren 31ra arte iraunen luke. Horrekin batera, enpresak kaleratzeak proposatu ditu. Lan bolumenaren arabera gehiago edo gutxiago izanen lirateke kaleratuak, edo epeka egiteko aukera legoke. Baina okerrenean 40 edo 50 ere izan litezkeela jakinarazi digute ELAtik. 55 urte baino gehiago duten langileei ez lieke eraginen kaleratzeak. Langileen ordezkariak kaleratuen kopurua ahalik eta gehien txikitzen ahaleginduko dira. Horretaz gain, kaleratuak egonez gero jasoko luketen kalte-ordaina gutxienez aurreko espedienteekin kaleratutakoek kobratu zutenaren pare izatea nahi lukete. GehiagoIazko martxoan Uharteko lantegia 12 langilek utzi zuten. Urri akaberan aldeen akordioari esker 30 kaleratu izan ziren. Orduan ere indarrean zegoen enplegu erregulazio espedientea berritu zuten. Aurki bukatuko den espedienteak 120 eguneko erregulazioa ekarri du. Krisia hasi aurretik 180 bat langile zituen enpresak baina lan karga murriztearekin batera langileen kopurua 120 ingurura murriztu da.