Lanekon bihar erabakiko dute 40 kaleratzeren inguruan

Guaixe 2010eko urriaren 21a

Laneko SAL enpresako 120 langileek gaur batzarra eginen dute. Enpresa batzordeak (bina ordezkari dituzte LABk, ELAk, UGTk eta CCOOk) zuzendaritzarekin lortutako akordioa azaldu eta bakoitzak bere jarrera azalduko du. Horren ondoren, bihar, langileek espedientean onartu edo ez erabakiko dute bozketa bidez. Zuzendaritzak irailaren 17an 50 langile kaleratzeko Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) aurkeztu zuen. Enpresa batzordearekin bildu eta gero ELAk, UGTk eta CCOOk aurre-akordioa lortu dute zuzendaritzarekin. LAB kontra azaldu da. Adostutakoaren arabera, kaleratutako langile bakoitzak lan egindako urte bakoitzeko 25 egun kobratuko lituzke, 12 hileko mugarekin. Hori kalte ordaina kolpean kobratu nahi badu. Zatika jaso nahiko balu, kalte ordaina lan egindako urte bakoitzeko 33 egunekoa litzateke, 15 hileko mugarekin. Iritziak UGTtik azaldu digutenez, "ahal dena salbatzeko" onartu dute aurre-akordioa. LABen iritziz, beste sindikatuek orain arte "onartu dituzten neurri guztiak ez dute konpondu enpresak  dituen arazoak". Gaineratu duenez, enpresak sindikatu sinatzaileekin hartutako konpromisoak ere ez direla bete. LABen iritziz enpresak "azken urteetan jasotako irabaziak gordetzea erabaki du, langileei eskubideak murriztuz eta lanpostuak suntsituz".Kaleratzeek garraio berezietarako saila itxiera ez ote dakarren kezka azaldu dute ere. EnpresaLaneko SAL enpresak bi ekoizpen adar ditu. Batean,fidagarritasun altuko torlojugintzan aritzen da, eta bestean errepideko garraio berezietarako ekipoak egiten ditu. Azken sail horretarako ez dago lan eskaerarik eolikoen sektorearen krisiaren eraginez.