Udalak haur eskolaren eskaintza ezagutarazi du

Guaixe 2011ko otsailaren 7a

Uharte Arakilgo Udala, haur eskolako eta ikastetxe publikoko guraso elkarteekin batera D ereduaren aldeko kanpaina egiten ari da herrian. Udalak Dindaia fundazioarekin batera eskaintzen duen zerbitzu hori euskaraz da. Uharte Arakilgo Udalatik azaldu dutenez, "jakina da bigarren hizkuntzarekin harreman goiztiarra izanda hizkuntzaren barneratzea eta ondorioz, garapen pertsonal eta akademikoan oreka" lortzen dela. Uharte Arakilgo Udalak azaldu duenez, ekarpenak besterik ez ditu egiten D ereduak. Batetik, sozializazio garapen egokia izateko laguntza ematen du. Bestetik, manipulaziorako eta ondorioz aurkikuntzarako motibagarriak izanen diren elementu sorta aberatsa eskura jartzen ditu zentzuen bidez ingurua ezagutzeko. Horretaz gainera, haur etorkinak integratzeko bitartekoa ere badela dio udalak. Azkenik, haur eskolak haurren gurasoei lana eta familia bizitza uztartzen laguntzen die. EskaintzaUharteko haur eskolak eskaintza bikoitza du. Alde batetik 9:00etatik 13etara doana eta bestea 15:00ak artekoa. Lehenengoagatik 200 euro ordaindu beharko lirateke eta bigarrenagatik 280 euro. Informazioa nahi duenak udaletxean izanen du 948 464 036 telefonoan. Aurreko legegintzaldian jarri zen martxan Uharteko haur eskola, txikienak D ereduan matrikulatu zitzaten eta ondoren ikastetxe publikoan euskara ardatz duen eredua indartu zedin.