Krisi aurrekontuak onartu ditu udalak

Guaixe 2011ko martxoaren 17a

Hirigintza plan berria egiteko 20.000 euro aurreikusi diraIsmael Martiarena alkateak azaldu digunez, “udalak zor handia du eta aurrekontua egiteko den-dena  estutu behar izan dugu”. Aurtengo kontuak ixteko oso gaizki ibili direla ere ziurtatu digu Martiarenak. Udalak erabaki aurretik batzar irekia deitu zuten eta areto betearen aurrean egoeraren berri eman eta aurrerantzean aurrekontuak nolakoak izan beharko luketen azaldu zuten. Horrekin batera, udal ordezkariak herriko kultur, kirol eta bestelako taldeekin bildu dira, guztia lotzeko. Aurrekontuan 20.000 euroko diru-saila dago aurreikusia hirigintza plan berria egiteko. “Zerotik hasiko gara eta gure nahia da jendearen parte hartzearekin egitea”, esan digu Martiarenak. UbeldeaAtzo berriro ere ubeldeak gainezka egin zuen eta Zamartzerako bidea itxi behar izan zen. Hura dragatzeko udalak 18.000 euro aurreikusi ditu. 20 urtez ez da ezer egin eta beharra dagoela esan digu alkateak. Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatu dio udalak eta, aldi berean, Arakil ibaiaren gainean eginen den ikerketaren emaitzen zain dago ere. Udalak Zerradoa auzoko argiteria berritzeko asmoa du, kontsumoa murrizteko eta bonbilla berriak jartzeko. Diru-laguntza eskatua du eta horren arabera eginen litzateke lana. Bestalde, Martiarenak azaldu digu udalaren egoerak ez diola inbertsio handietan sartzen uzten. Horregatik, ziurrenik atzeratu eginen dira Itsesiatik autobiara ateratzeko bidegurutzearen egokitzapena eta kalearen zabaltzea, baita zeharbidearen eta haren ertzen egokitzapen eta urbanizazioa ere. Bi lan horiek lau urteko planean erreserban daude. Azkenik, Uharte Arakilgo Udalak baso lanetarako, bestalde, 12.000 euro aurreikusi ditu.