Industrialdeko arau aldaketa bertan behera

Guaixe 2011ko maiatzaren 18a

Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiak berretsi egiten du iazko martxoan Nafarroako Auzitegi Gorenak hartutako beste epai bat: Iriburu (60.000 m2 eraikiak) eta Zubiaur-Mendikoan (tramitean) egindako hirigintza arauen aldaketak baliorik gabe utzi zuena. Beraz, gaur egun ez dago industrialderik. Uharte Arakilgo Kudeaketa Batzordeak egoera lehenbailehen bideratzeko zenbait urrats eman ditu. Alde batetik, uhartearrak informatzeko batzarra deitu zuen. Bestetik, zenbait lurjabeekin bilera egin du. Azkenik, zenbait erabaki hartu ditu: Iriburu industrialdea Itxesia auzotik gertu dagoenez, hango biztanleek ahalik eta kalte gutxien jasotzeko, inpaktua murrizteko neurriak proposatu dira. Neurri zuzentzaile horiek industrialdearen sustatzaileek ordaindu beharko dituzte. Horrekin batera, industrialdean kokatu litezkeen jarduerak arautzeko ordenantza lantzen egon da Kudeaketa Batzordea. Haren bidez, pertsonendako eta ingurumenarendako kaltegarriak izan daitezkeen enpresak industrialdean jartzea eragotzi nahi dute. Kronologia2005-07-29 Arauak aldatzeko hasierako erabakia. 2005-11-04 Arauak aldatzeko behin behineko erabakia. Bi erabaki horiei helegitea aurkeztu zieten. 2008-01-09 Nafarroako Auzitegi Administratiboak ez zuen udalaren helegitea onartu.2010-03-29 Nafarroako Auzitegi Gorenak Uharte Arakilgo Udalak aurkeztutako helegitea atzera bota zuen. Udalak Gorenean helegitea aurkeztu zuen. 2010-06-04 Alkatetzako taldeak dimisioa eman zuen. Aurretik 300 herritarrek besteak beste helegitea kentzeko eskatu zuten.  2010-10-04 Espainiako Auzitegi Gorenak Uharte Arakilgo Udalak jarritako helegitea ez zuen izapiderako onartu.