Rodriguez alkate, popularrik gabeko plenoan

Guaixe 2011ko ekainaren 15a

Uharte Arakilgo alkate Javier Rodriguez Astiz da Bilduko zerrenda-burua. Larunbat eguerdian egin zen udala osatzeko bilkura eta bertara koalizioko bost zinegotziak besterik ez ziren agertu. Legeak hala aginduta hitz eman zuten kargua Bilduko kideek. Alkate izendatu berriak, bilkura akaberan hitza hartu zuen eta esan zuen Uharte Arakilera aldaketa iritsi zela. Bilduko kideak "uhartearren interes orokorrarekin konpromisoa" hartu dutela ziurtatu zuen. Udala ireki eta "kudeaketa garden eta parte-hartzailea" aurrera eramateko asmoa azaldu zuen. Aurrean dituzten erronken aurrean, Uharte Arakilgo alkate Javier Rodriguez Astizek aipatu zituen: egoera ekonomikoa, hirigintza plan zaharkitua, hainbat arlotan erregulazio falta eta Hiriburu eta Zubiaur-Mendikoa industrialdearen egoera. Horrekin batera, euskara eta euskal kulturaren sustapena, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko lana eta garapen jasangarria aipatu zituen. PPko kideei zuzenduta, Rodriguezek salatu zuen "oraindik ere, ez dute esan zer egin behar duten herriaren alde. Hauteskunde programarik ez dute eta ez dakigu zer nahi duten herri honetarako". Popularrek lan egin nahi badute, horretarako aukera izanen dutela gaineratu zuen. Rodriguezek Euskal Herriaren askatasun nahiari aipamen eginez bukatu zuen bere hitzaldia: 1932ko ekainaren 19an udal honek bere ordezkari Silverio Astiz Lakuntzaren bidez Euskal Autonomia Estatutuaren alde bozkatu zuen. Gaur, guk gure herriaren etorkizunaren inguruan askatasunez erabaki nahi dugu". PPko bi kideak ez zuten kargurik hartu. Ekitaldia jarraitu zuten Iruñeko kazetari batzuk azaldu zutenez, PPko egoitzan esan zieten "intimidazio" giroagatik ez zirela joanen bilkurara. Rodriguez alkateak horren aurrean azaldu zuen herrian egon gabe ezin zela halakorik esan eta popularrei boza eman zieten uhartearrekiko errespetu falta zela ez agertzea. Bilkura gelan jende dezente bildu zen eta plenoaren ondoren, plazan auzatea izan zen. Udalaren osaeraBilduJavier Rodriguez AstizHaitz Uharte MartiarenaAinara Aiestaran IjurkoJuana Maria Sainz BeteluMiren Rabaz IrañetaPPIñigo Saenz MurgaJuan Jose Saenz De Urturi Garcia