Ezer gutxi dakigu Erdi Aroko lehen mendeetaz. V. mendetik IX. mendera arteko historia nahiko ezezaguna da. Mende horiek argitzeko asmoz, indusketak eginen dituzte Uharte Arakilgo Zamartzen. Arkeologia doktoretza egiten ari diren Amerikako Estatu Batuetako eta Australiako taldeak gidatuko du indusketa. Garilaren 4an, astelehenean, hasiko dituzten lanak eta bertan egonen dira hilaren akabera arte.
Aralarko santutegiko kaperau, Zamartzeko arduradun eta Mendialdeko elizbarrutiko bikario den Mikel Garziandiak esan digunez, "Zamartzeko elizaren inguruan egindako kata batzuek Erdi Aroko hilerri baten berri eman zuten. Indusketaren helburua hura aztertzea da". Ez dute baztertzen garai hartako eraikinak eta erromatarren garaiko aztarnak agertzea.
Zamartzeren garrantzia
Gune historiko-arkeologiko garrantzitsua da Zamartze. Bertan, I. eta III. mende arteko aztarna asko aurkitu dituzte, erromatarren garaiko Araceli hirikoak. Estraktu bisigotikoak ere aurkitu dituzte, asko ez badira ere. IV eta IX. mende arteko txanpon bat edo beste aurkitu da, baina orokorrean, V. mendetik VIII.era arteko informazio gutxi dago.
Dokumentatuta dago Araceliren garaitik Zamartze ingurua populatuta egon dela eta gaur egun ezagutzen dugun XII. mendeko Santa Maria eliza Zamartzeko laugarren eliza dela. Horregatik, Erdi Aroko mende ilun horietako aztarnak aurkitzea espero da. Helburu horrekin eginen dira indusketak.
Araceliko aztarnen bila
Bestalde, Euskal Herriko historialari eta arkeologo taldeak osatutako Saltus vascomun tailerrak erromatarren garaiko aztarnak aurkitu nahi ditu. Iaz magnetometroarekin aztertu zituzten Zamartze inguruak eta, haren datuak aztertuta, Araceli garaiko historia argitzen lagunduko duten hiru zona interesgarri daudela susmatzen dute. Helburu horrekin eginen dituzte indusketak. Boluntarioen lanaren ondoren, garilaren 18tik 30era, indusketen bigarren txandan, adituek erromatarren garaiko aztarnak ikertuko dituzte.
Boluntarioak
Gaur, 8:00etan, hasiko dute indusketen lehen zatia. Hilaren 8ra arte, azaleko garbiketa eginen dute. "Horretarako boluntarioen laguntza izanen dugu, batez ere, uhartearrena" jakinarazi digu Mikel Garziandiak. Uharte Arakilgo Donibane jubilatu elkartea ari da boluntarioen gaia koordinatzen. Eduardo Gonzalok jakinarazi digunez, dagoeneko 10 boluntariok eman dute izena, 6 gizon eta 4 emakume. Gonzalok jakinarazi digunez, "edozeinek eman dezake izena lan boluntario hor egiteko. Gurekin harremanetan jartzea besterik ez du egin behar".