Pasa den urtean eguraldi bikaina egin bazuen ere, atzokoan euri eta lainoa izan zuten lagun Beriainera igotzea erabaki zuten 153 korrikalariek. Uharte Arakilgo pilotaleku paretik banaka-banaka aterata -proba kronometratua da- guztiek helmuga berdina zuten: Beriaingo puntan dagoen San Donato ermitara iristea. 5 km-ko mendi lasterketa ikusgarria da kilometro bertikala, proba motza baina intentsitate handikoa, sekulako maldak igo behar baitira. Tarte labur horretan 1.023 metroko desnibel positiboa dute aurrez-aurre korrikalariek eta proba kronometratua denez eta gainontzeko korrikalarien denboraren erreferentziarik ez dutenez, erlojuaren kontra eta euren buruaren kontra egin behar izaten dute lana korrikalariek.Pasa den urtean bezala, Didier Zago frantziarrak sekulako erakustaldia eman zuen. Aurreko urtean 40:21eko denbora behar izan zuen helmugara heltzeko eta aurten ere denbora berdinean lortu du San Donatoko ermitara igotzea. Bigarren gelditu zen Xabi Lekueri hiru minutu pasa atera zizkion eta Imanol Etxeberria hirugarrena sailkatu zen, lau minutu pasara.Nesketan, pasa den urtean Izaskun Zubizarretak ezarritako marka Ana Condek hobetu zuen, 50:09ko denbora eginez. Bigarren aurreko urteko txapeldun zindako Izaskun Zubizarreta bera izan zen (53:46) eta hirugarren Maud Combarieu (55:09). Lehen beteranoa Juan Mari Garin izan zen (45:49) eta sakandar onena Angel Arrieta izan zen (47:37).Atzokoa Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuiturako puntuagarria ere izan zen eta Euskal Igoera Bertikalen Zirkuitua erabaki zuen, Txindokiko eta Azpeitiako porbak jokatu ondoren. Horrela, Walter Becerra eta Ana Conde izan ziren aurtengo txapeldunak.Sariei dagokionez, txapeldunek garaikurrak, txapela eta 300 euro jaso zituzten, bigarrenek garaikurra eta 150 euro, eta hirugarrenek garaikurra eta 100 euro. Beteranoek garaikurra jaso zuten.