Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Uharteko 6. poesia errezitaldian 5 poeta izanen diraUharte Arakilgo Donibane jubilatuen elkartean olerki errezitaldia dute bihar. Uhartearrek azken urteetan erakutsi dute letretan interesa dutela. Aurtengoa 6. poesia errezitaldia dute. Errezitatzaile eta idazle abilak bilduko dira jubilatuen elkartean: Blanca Arrizabalaga eta Alfonso Muro uhartearrak eta Iruñerritik datozen Mercedes Viñuela, Ainhoa Igartza eta Maite Mené. Bosten artean ordu bete inguruko poesia errezitaldi anitza eskainiko dute. Amaieran, guztiendako otamena izanen da.Etxeko poetakUharteko poesia zaletuek ongi ezagutzen dituzte etxeko bi poetak, Blanca Arrizabalaga eta Alfonso Muro. Biek behin baino gehiagotan parte hartu dute errezitaldian. Blanca Arrizabalagak "poesia sentimentala" egiten du; "bihotzak hunkitzea gustatzen zait" azaldu zuen Beleixe irratian (FM 107,3). Poesia erlijiosoa ere gustatzen saio; "nire fedea poesian islatzen dut". Alfonso Murok ere parte hartuko du. "Izatez gipuzkoarra da, baina duela 6 bat urtetik Uharten bizi da. Oso ongi hartu da herrian" aurkeztu zuen Blancak. "Poesia ezberdina egiten du" dio. Aurpegi berriakIruñeko Ateneoaren laguntzarekin Iruñerriko zenbait poeta gonbidatu dituzte. Haien artean aurpegi ezagun bat dago: Mercedes Viñuela. "Ia urtero etortzen da. Zertarako poetak aldatu uhartearren gustukoak badira?" adierazi zuen Blanca Agirrezabalagak Beleixe irratian (FM 107,3). Iruindarra olerkigile handia da. Liburu bat idatzi du eta errezitaldi arrakastatsuak eskaini ditu. 80 urtetik gora izan arren, lanerako gogoz jarraitzen du. Bestalde, lehen aldiz Ainhoa Igartza eta Maite Mené etorriko dira. Blancaren hitzetan, Ainhoa Igartza "sentsibilitate handiko emakumea da". Ezaguna da emakumeen eskubideak aldarrikatzeagatik. Azkenik, Maite Mené sortzez zaragozarra bada ere, Arangurendik dator. Gustuko ditu poesia eta musika. Sakanan Euskal Kantu Txapelketan ezagutu dugu. Gitarra lagun duela, biharko saioa alaituko du. ErrezitatzaileakBlanca Arrizabalaga, Alfonso Muro, Mercedes Viñuela, Ainhoa Igartza eta Maite Mené