Poesia errezitaldi arrakastatsua

Guaixe 2011ko azaroaren 14a

Uharte Arakilgo jubilatuen elkartean poesia errezitaldi arrakastatsua izan zuten larunbatean. Saioaren bultzatzaile Blanca Arrizabalagak eman zion hasiera emanaldiari eta atzetik joan ziren Mercedes Viñuela, Ainhoa Igartza eta Maite Mené. Azkenak, poesia musikatuak abestu zituen, errezitaldia arinduz. "Hiru poesia eta gitarraz lagundutako poesia musikatua txandatuz, saioa entretenigarria izan zen" adierazi zuen Blanca Arrizabalagak Beleixe irratian (FM 107,3). Azken orduan Alfonso Murok ezin izan zuen emanaldian parte hartu. Ohi bezala, uhartearrek primeran erantzun zuten. Bertaratu zirenek denetariko poesiak entzuteko aukera izan zuten, besteak beste jainkoari, familiari eta isiltasunari eskainitakoak, gaztelaniaz nola euskaraz. Herritarren harrera ikusita, Blanca Arrizabalagak urteko hitzorduarekin jarraitzeko asmoa azaldu zuen.