Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Uhartearraren bizimoduan oinarritutako erakusketa Zarautzen dagoZatak oinetan eta makila eskuan dituela, Ricardo Goikoetxea uhartearrak zenbait joan-etorri egin ditu herritik Andiara eta menditik etxera. Garai bateko artzainen modura, denbora luzez egoten da mendian, "ardiak gertutik zaindu behar baitira". Artzainen bizitza ohikoa zen garai bateko Euskal Herrian. Gaur egun, ordea, gero eta gutxiago dira artzaintza tradizionalari eusteko prest daudenak. Iñaki Bergara argazkilariak artzainen bizimoduaren testigantza jaso nahi izan zuen. Ricardo Goikoetxea uhartearraren eguneroko bizitza Artzaina. Bizitza bat tradizioari loturik liburura eraman zuen. Ion Orzaiz kazetariak jarri zion testua. Liburu horretan oinarrituta, izen bereko erakusketa antolatu dute orain. Erakusketa ibiltaria Zarauzko Photomuseumean egonen da abenduaren 18ra arte. Aurretik Zizur Nagusian egona da. Udaberrian, berriz, Atarrabiara eta Noainera eramateko asmoa dute. Erakusketarekin batera, Ricardo Goikoetxeak bidaian jarraituko du. Liburuaren eta erakusketaren bidez, artzainen bizimodu tradizionala ahalik eta gehien zabaldu nahi dute. ErakusketaArgazkilaritzak zenbait errealitatera hurbiltzeko aukera eskaintzen du. Artzainen bizimoduak Iñaki Bergara donostiarraren interesa piztu zuen eta erreportaje etnografikoa egin zuen. Zenbait urtetan pazientziaz egindako lana liburuan bildu zuen. Erakusketa liburuko irudien hautaketa bat da. Argazki guztiak zuri-beltzez eginak dira, egilearen hitzetan "gaiak horrela eskatzen zuelako". Lau zati ditu: transhumantzia, mendiko egunerokotasuna, ardien erditze eta jaiotzak, eta artzain txakurren txapelketak. Kontakizun modura egituratuta dago. Horrela, argazkiz argazki, ikuslea artzainen bizimoduan barneratzen du. Artzainen garai bateko arropa tradizionalek ere horretan laguntzen dute. Erakusketak agerian uzten du artzainen mendiko baldintza gogorrak, lanaldi amaigabeak eta zailtasunak. Hala ere, Ricardo Goikoetxeak artzaintzagatik duen pasioa nabarmentzen da. "Artzainen bizimodua oso ona da. Gustatuz gero ez dago gauza hoberik" azaldu zuen liburua argitaratu zuenean Beleixe irratian (FM 107,3).GERTUTIKIon Orzaiz, testuen egilea (Beleixe irratian esanak)Betiko artzainen testigantza jasotzen duen erakusketa Zarautzen dago abenduaren 18ra arte. Zer dago erakusketaren atzean?Ideia Iñaki Bergara argazkilariarena izan zen. Hasiera batean proiektua ez zegoen oso definitua. Ricardo artzaina ezagutu zuen eta harekin geratu ginen Uharten. Benetako aurkikuntza izan zen, oso tipo interesgarria delako, istorio asko kontatu zizkigulako. Bera pertsona bezala ezagutzea oso aberasgarria izan zen. Nafarroako Gobernuaren laguntza bat aprobetxatuz, liburua ateratzea erabaki genuen, Artzaina izenburupean. Iñaki Bergarak argazkiak egin zituen eta nik testu batzuk, baina jakinda argazkiak lagundu baino ez nuela egin behar. Liburu horretan oinarrituta hainbat erakusketa etorri dira. Iñakiri zenbait herrietatik hots egin diote hori eskatzeko. Orain Zarauzko Photomuseumean dago. Nola dago egituratuta erakusketa?Erakusketak liburuaren isla izan nahi du eta, beraz, atal berberak ditu: 1. transhumantzia, ardiak herritik mendira eta bueltan eramatea. 2. atala, mendi gaineko bizimoduaren gogortasuna. Gaztagintza ere hor sartzen da. 3.ean ardien erditzea, argazki ikusgarriekin. Eta bukatzeko, artzain txakur lehiaketa. Erakusketa areto bakarrean dago, eta ez zara ohartzen atal batetik bestera pasatzen zarenik; kontakizun bat da.Zer nolako harrera izaten ari da erakusketa?Oso harrera ona izan du. Egon naizen inaugurazio guztietan jendeak esan digu izugarri gustatu zaiola eta gurekin luze eta zabal hitz egin nahi zuten. Ricardogatik galdetzen ziguten, benetan artzain tradizionala al zen, edo guk propio jarritako gizon bat ote zen. Jendeak interesarekin hartu du gaia. Gai polita da, erakargarria eta oso Euskal Herrikoa. Protagonista Ricardo izanik, gerturatu da erakusketara?Erakusketa Zizurren mustu zenean, Iñakik gonbidatu zuen, baina lanagatik ezin izan zuen joan. Horrek frogatzen du bere bizimodua benetakoa dela. Litekeena da datozen hilabeteetan erakusketa Nafarroako beste herri batzuetara iristea. Beraz, garaiz dago.