Gozogintza txapela Domi Berastegirendako

Guaixe 2011ko abenduaren 20a

Uharte Arakilgo jubilatuen elkartean egun gozoa izan zuten ostiralean. Tarta txapelketak gozogilez eta gozozalez bete zuen Donibane elkartea. 10 lagunek parte hartu zuten lehiaketan, 8 uhartearrek eta 2 irintarrek. Emakumeak izan ziren jaun eta jabe; haien artean bedeinkatua lehiaketara animatu zen gizon bakarra. 10 tarta gozo zeuden lehian, zein baino zein goxoagoak. Ez erraza haien arteko onenak aukeratzea. Epaimahaikideek egin zuten lan hori, Altsasuko sukaldari eskola zeneko Estherrek eta irakasleak, Nafarroako ostalarien elkarteko lehendakariak eta jubilatuen elkarteko ordezkariak. Domi Berastegi uhartearrari eman zioten lehen saria gazta tarta bikainarengatik. Haren atzetik Lucia Lacalle eta Maribi Lizarraga sailkatu ziren. Sukaldeko zenbait lan-tresna irabazi zituzten, gazta tarta, bizkotxo eta esnegain tarta bikainak egiten jarraitzeko. Bestalde, parte hartzaile guztiek jubilatuen elkartearen oparitxoa jaso zuten. Sariak sari, irabazleak arakildarrek egindako pastel gozoekin gozatu ahal izan zuten guztiak izan ziren. Uharteko jubilatuen elkartean jendetza bildu zen. Denen artean pastel guztiak jan zituzten elkarteak emandako ardo eta xanpainaz lagunduta.