Felipe Gorritiren musika ekarpena liburura

Guaixe 2011ko abenduaren 27a

Felipe Gorriti uhartearrak ekarpen handia egin zion historiaren musikari. Baina ez zegoen ekarpen hori bere osotasunean ikertzen zuen lanik. Berta Moreno historiadore eta musikologoak hutsune hori bete nahi izan zuen doktore-tesiarekin. Iruindarrak Uharteko organista eta musikagile handiaren ibilbidea osorik ikertu eta lan-bilduma egin zuen 2005ean.

Orain, Nafarroako Gobernuak doktore tesi horretan oinarritutako liburua argitaratu du. Felipe Gorriti. Compositor, maestro de capilla y organista liburuaren bidez, "Nafarroako konpositore handienetakoaren memoria berreskuratu" nahi dute. Felipe Gorriti erlijio-musikako XIX. mendeko Nafarroako konpositore handienetako izan zen. Berta Morenoren ustez, "XIX. mendeko eta XX. mende hasierako musikarien arteko zubia izan zen: Nafarroako beste musikari handi baten, Hilarion Eslavaren ikaslea zen, eta XX. mendean ezagun eginen ziren musikariendako oinarriak jarri zituen. Organoa barrokotik erromantizismora eraman zuen".Gorritiren obrak argi utzi du XIX. mendeko musika uste baino landuagoa zela. Zenbait tendentziaren eragina du: "Italiako opera-musika, Europa erdialdeko musika, Frantziako organu-eskola, folklorea"...

Berta Moreno

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko musikologia irakaslea da. Filosofia eta Letrak lizentziatura egin zuen Nafarroako Unibertsitatean. Historia eta musika formazio bikoitza baliagarri izan zaizkio Felipe Gorritiren musika ikertzeko eta XIX. mende amaieran kokatzeko. Iruindarrak Gorritiren obren eta jarduera musikalaren ikerketa zehatza eta osoa egin du.

Liburuan uhartearraren biografia, obren katalogoa eta zabalpena aztertu ditu. Liburuarekin batera Gorritiren musikaren grabazioen eta partituren bi CD argitaratu dituzte. Nafarroako Gobernuak liburuaren 600 ale argitaratu ditu. Liburu dendetan eta gobernuaren argitalpenen dendan (Navas de Tolosa, 21. Iruñea) daude salgai, 24 eurotan.

Edukia

Liburuak lau kapitulu ditu. Lehenengoan Felipe Gorritiren bizitzaren eta bere obraren zabalpenaren berri ematen du. Formazio urteak (1839-1859) aztertzen dira: Uharte Arakilen egindako urteak, kapera-musikako formazioa, lehen konposizioak eta Madrileko ikasketak.

Bigarren kapituluan Tafallako kaperako maisu zeneko garaia (1859-1867) eta bertan sortutako obrak aztertzen dira: Tafallako Santa Maria kaperaren egitura, organoaren ezaugarriak, Tafallako bandaren sorrera, musika irakaskuntza, eta organorako eta abesbatzendako obra erlijiosoak.

Hirugarren kapituluak Tolosako urteen (1867-1896) berri ematen du: Santa Maria kaperako maisu-lanak, konposizio erlijiosoak, 3. Gerra Karlistako (1874-1876) erbesteratzea, itzulera, Gorritiren obraren aldaketa zantzuak, kaperatik kanpoko jarduera musikala eta irakasle lanak. Gorriren urte arrakastatsuenak izan ziren etxean nahiz atzerrian. Morenok zenbait datu jaso ditu: mustu ziren obrak, kritikak, argitalpenak, omenaldiak... Amaitzeko, laugarren kapitulu sakonean Gorritiren obraren katalogoa eta eboluzioa aztertu eta komentatzen dira.