Haur eskolak hobera eginen du

Guaixe 2012ko apirilaren 25a

Uharte Arakilgo Haur Eskolan, heldu den ikasturtean, dozena bat haur izanen dira gutxienez, herrikoak eta Irañetakoak. Kopurua oraindik ere aldatu egin daiteke, maiatzaren 7tik 18ra izena emateko aukera dagoelako. Horretarako udaletxetik pasatu besterik ez da egin behar. Gurasoek egindako eskaerei erantzunez, Haur Eskolako batzordeak ordutegia eta egutegia aldatzea, luzatzea, erabaki du. Hasteko, irailaren 1etik garagarrilaren 30era arte izanen ditu ateak zabalik Uharte Arakilgo Haur Eskolak 2012-2013 ikasturtean. Gainera, bi ordutegi eskainiko ditu: 8:00etatik 16:00etara eta 8:00etatik 13:30era. Bietan ere aurreneko orduan sartu ahalko dira haurrak. Neurri horiekin zerbitzua mantendu eta kalitatea hobetu nahi ditu batzordeak. Dindaia fundazioak kudeatuko du eskola eta gastuei gurasoek eta Uharte Arakil eta Irañetako udalek eginen diete aurre. LanakUharte Arakilgo Udalak zerbitzua "ezinbestekotzat" jo du udalean eta eskola publikoan D ereduak irauteko gakoa ere badela iritzi diote. Horregatik, udan hainbat lan (komunak egokitu, oztopo arkitektonikoak kendu...) eginen ditu Haur Eskola hartzen duen ikastetxe publikoko eraikinaren zatian. Lanen helburua eskola egungo araudira egokitzea da, horrek Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatu eta beste finantziazio iturri berri bat lortzeko bidea emanen baitu.