Saltus Vasconum irabazi asmorik gabeko elkarteak eta Aditu arkeologia enpresak aurreko udan hasitako lanari segida emanen diote aurten. Pasa den urteko garila euritsuak indusketa arkeologikoko lanak atzeratu zituen. Soilik eguraldi onarekin atera daitezkeen hezurdura batzuk ukitu gabe gelditu ziren. Eguraldi hobearen bila, aurten egitekoak hilabete beranduago hastea erabaki dute indusketako zuzendariek, Fran Valle de Tarazaga Montero (indusketa eta ikerketa arduraduna) eta Emma Bonthorne (osteoarkeologoa, hezurduren arduraduna). Arkeologoak eta boluntarioak lastaila despeditzearekin bukatuko dute euren lana Zamartzen.
Egitekoak
Adituko arkeologo Fran Valle de Tarazaga Monterok jakinarazi digunez, Erdi Aroko hilerrian zabalduko dute atzera ere, "atera ezinda gelditu ziren hilobiak ateratzeko. Egoera onenean dauden hobiak berreskuratu nahi dugu". Handik ibarreko populazioaren bizitzari buruzko datu gehiago aterako dituzte. Aldi berean, monasterioa zein bizi izan zen ikertu nahi dute, horren berri lehen hobiratzeek eman dezaketela uste dute arkeologoek.
Erromatar aztarnak opatu zituzten 2011ko kanpainan eta gune horretan ere ariko dira, "iparralderantz zabalduz. Opatutako aztarna erromatarrak oraindik ezin izan ditugu ulertu egiturak falta direlako", azaldu digu Franek. Araceli masio erromatarrari buruzko datu gehiago eskuratzeko bidea eman dezake aurtengo lanak. "Gure egitekoa da dauden espazio eta funtzioei buruzko jakintza handitzea izanen da. Horrela asentamendua ulertzeko modua izanen dugu, galtzadekin zuen harremana, erromatar garaiko administrazioa eta erreferentzia puntu gissa Zamartzek izan zuen kronologia", argitu digu Franek.
Ikerketa
Zamartzen egindako lanak laborategian izan du segida, "baina oraindik goiz da ondorioak ateratzeko" zehaztu digu Franek. "Hilobiak berrerabili ziren edo ondoren ehortzi ziren. 2011ko kanpainan ateratako pertsonen aztarna gehienak halakoak dira. Zaila da interpretatzea". Ahalik eta hezurdura gehien ikertu nahi dituzte ahalik eta informazio gehien izateko.
Bestalde, Zamartzen erromatar garaiko gune administratibo bat zegoenez, antzeko izaera zuen beste kokagune bat bilatzen saiatuko dira ikerlariak.
Ikasleak
Aurten ere Zamartzeko indusketa arkeologikoan ikasleak eta graduatuak trebatuko dira. 27 dira Amerikako Estatu Batuetako Washington State, Oregon, Texas, California, Utah, George Mason eta Las Vegas unibertsitateetakoak, Kanadako Alberta, Eskoziako Glasgow, Irlandako Trinity College eta Australiako La Trove unibertsitatekoak.
Aditu Arkeologia Zerbitzuak enpresako arkeologoak ere Zamartzen ariko dira: Rod Scott britainiarra, Oihan Mendo nafarra, Marta San Millan madrildarra (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan doktoretza egiten ari da) eta Bartzelonako Meritxell Nasarre.
Boluntarioak ongi etorriak izanen dira Zamartzen, indusketako aldi guztian edo egun jakinetan joaten direnak ere. Franek esan digunez, "gure helburua da, alde batetik, jendeak indusketan laguntzea eta, bestetik aurrekoa bezain garrantzitsua da, herritarrek arkeologia gizartearen zati gisa ikustea. Gizartea indusketan bustitzea hura mantentzeko bermea da".
Boluntarioa izan nahi?
Idatzi aditu@aditu.info edo fran.valle@aditu.info helbideetara. Bestela, 607 691 711 telefonora hots egin.