Uhartetik natorren artista bat naiz ni...

Guaixe 2012ko irailaren 4a

Horrela moldatu nezake haurtzaroko abestia. Kasu honetan bi ditugu artistak: Naiara Ijurko piano eta klabe jolea eta Igor Razkin antzezlea, biak ere uhartearrak. Bi gazteek Nafarroa utzi dute arte ikasketetan sakontzeko. Horretan laguntzeko, Nafarroako Gobernuak beka bana eman die bigarren urtez jarraian.  IkasketakNaiara Ijurko Risco, 25 urteko uhartear gazteak Etxarri Aranazko musika eskolan hasi zituen piano ikasketak, 6 urte baino ez zituela. Ondoren, Iruñean eta Donostian jarraitu zuen pianoarekin eta klabearekin. Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian amaitu zituen piano ikasketak. Gaur egun piano eta klabe ikasketak sakontzen ari da Holandako Prins Claus kontserbatorioan. Herbeheretako kontserbatorioa nazioartean ezaguna da ideia berritzaileak erabiltzeagatik eta irakasleen mailagatik. Igor Razkin uhartearra Nafarroako Antzerki Eskolan murgildu zen antzerkigintzan. Gaur egun eszena zuzendaritza eta dramaturgia ikasten ari da Valladoliden, Gaztela eta Leongo Goi Mailako Antzerki Eskolan. Antzerki munduko langile ezagunek babesten dute eta antzerki ziklo ezagunekin lankidetza du. 21 bekaNafarroako Gobernuak 21 beka banatu ditu 2012-2013 ikasturtean arte ikasketak herrialdetik kanpo egiten ari diren gazteen artean, denera 400.000 euro. Bekadunek emanaldia eskainiko dute abenduaren 27an eta 28an, Iruñeko Baluarte auditorioan.