Aluminiozko alanbre handia fabrikatzeko lantegi bat jarriko da

Guaixe 2012ko irailaren 5a

Akziodun sakandarrek sortuko dute lantegi berria. Ekoizpena 2013ko garagarrilean hastea espero dute. Uharte Arakilko Sargaitz industrialdean kokatuko da enpresa. 32.00 metro koadroko lursaila da eta haietatik 5.000 lantegirako izanen dira. Enpresaren sustatzailek 6,8 milioi euroko inbertsioa eginen dute lantegia martxan jartzeko. Nafarroako Gobernuak 1,36 milioi euro emanen dizkio diru-laguntza gisa 2013an eta 2014an. Aurreikuspenen arabera, urtean 9 eta 12 milimetroko diametroko aluminiozko alanbre lodiaren 15.000 tona eginen ditu Uhalrod SLk. Lantegi berriak aluminiozko bi alanbre lodi mota eginen dira: Deox motakoa (aluminio purua) Espainia, Italia eta Alemaniako altzairuzko fabrikatzaile handiendako; eta aluminio-zirkonio aleazioko alanbre lodia, Uharte-Arakilen dagoen Trefinasa enpresari hornidura emateko osagai teknologiko handiko materiala.Azken aleazio hori lehengai moduan erabiltzen da ahalmen handiko eta gezi baxuko kablea egiteko. Kable mota horrek gero eta eskaera handiagoa du mundu-mailan dauden linea elektrikoen ahalmena handitzeko. Dagoeneko lantegia hartzen duen taldeak Europa, Egipto eta Txilera ere esportatzen du kable hori eta horretara bideratuko da ekoizpenaren zati handiena. Urteko 35-40 milioi inguru fakturatze aurreikusi dute. HitzarmenaAgorrilaren 30ean Nafarroako Lehendakari Yolanda Barcina Angulok eta Uhalrod SL enpresako ordezkari Francisco Martin Morentin Garraza-k asmoen protokolo bat sinatu zuten. Gobernuak enpresaren proiektua foru-intereseko inbertsiotzat jo du, eta hura abian jartzeko administrazio-izapideak arintzen lagunduko du. Gainera, honako pizgarriak jaso ahalko lituzke: ikerketa, garapen eta berrikuntzarako; energia-aurrezpenerako; enplegua sortzeko eta langileak prestatzeko, bai eta Sozietateen Zergaren kengarriak diren kenkari fiskalak izateko ere.