Uharte Arakilgo Udalak Zamartzen burutu diren arkeologia-indusketei buruzko informazioa gerturatu nahi die herritarrei eta historia eta arkeologian interesatuta dauden guztiei. Horrela, bihar, larunbata, 16:30ean, Zamartzen egindako lanei buruzko hitzaldia antolatu du. Ondoren auzatea izango da.
Asteburuan bukatuko dira Zamartzen egiten ari diren arkeologia-indusketak. Lanetan 8 herrialdeko arkeologoek eta boluntarioek hartu dute parte, 45 pertsona guztira. Indusketa horiek iraun duten hiru hilabeteetan - agorriletik lastailera arte - lortu dituzten emaitzen informazioa larunbateko hitzaldian emanen dute bertan aritu diren arkeologo eta boluntarioek. Aurreratu daitekeenez X. eta XIV. mende bitarteko 50 gizakiren aztarnak berreskuratu dira eta erromatar garaiko aurkikuntzak egin dira: mansio-a, esaterako. Horretaz gain, aurkikuntza berezituen selekzio bat erakutsiko dute.
Erromatarrak eta Donejakue bidea
Indusketa horiek iraun duten bitartean 350 m2 industu dira, ia 200 tona lur kenduz. Emma Bonthornen gidaritzapean, osteoarkeologoen taldeak Erdi Aroko hilobiak aztertzen jarraitu du. Aipatzekoa da hilobi esanguratsuenen artean badagoela besteetatik bereizten den bat: Donejakue bideko erromes misteriotsu baten aztarnak berreskuratu dira. Bere hilobia gainontzekoekin konparatuta askoz hobea da, eta bere hurrengo bizitzarako bidaian bi kontxa eta erromes bordoi bat eraman zituen.
Indusketen beste helburua erromatar garaiko aztarnategian sakontzea zen, eta hemen ere aurkikuntzak egin dira. Erromatar zonaldean lan egin duen taldea Fran Valle de Tarazagaren gidaritzapean aritu da. Hauek ab Asturica Burdigalam, hau da, Astorgatik Bordelera zegoen erromatar mansio batean aritu dira lanean, hau da, garaiko ostatu edo zerbitzugune zen eraikinean lan egin dute. Badirudi zerbitzu hau III. mendean desagertu zela, baliteke indarkeriaz egindako suntsipen baten ondorioz. Aztarnategi honetan eraikuntza berriak agertu dira, asentamendu askoz handiago batean pentsatzea ahalbidetzen dutenak. Akaso lehengo mansio-aren inguruan sortutako asentamendua litzateke, suntsipenari aurre egin ziona, entitate nabarmeneko herrixka batean bilakatuz. Mansio-a desagertuta, suntsiketa berri bat nabaritzen omen da, eta badirudi horrek herrixkarekin bukatu zuela, IV. Mendeko erdialdean. Nahiz eta suntsiketa orokorra izan, aktibitatearen testigantza jaso da merovigiar garaiera arte, VI. mendean.
Hurrengo urtean gehiago
Indusketa lanak ez dira despeditu. 2013an indusketekin jarraitzea espero dute arkeologoek eta dagoeneko kanpaina prestatzen ari dira. Interes handia dute arkeologoek Zamartzen, eta hurrengo urteko kanpaina aurtengoa baino luzeagoa izanen dela uste dute. Boluntarioek emandako laguntza bihotzez eskertu dute eta hurrengo urtean ere laguntza hori jasotzea espero dutela aipatu dute.
Bestalde, indusketak iraun duten bitartean 1.000 pertsona inguruk bisitatu dituzte lanak, eta, horretaz gain, Nafarroako 12 kolektibo pasa dira bertatik, eskolak eta institutuak batez ere.