Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kapitalismoaren ekonomia krisiari aurre egiteko gobernuek hainbat arlotan murrizketak egin dituzte. Langile publikoek aurretik haien soldatak murrizten ikusi zituzten, eta pasa den urtean Espainiako Gobernuak abenduko estra kentzea erabaki zuen. Irabazien %7. Espainiako neurri horri aurre egiteko eta langile publiko nafarrek dagokiena kobratu ahal izateko Nafarroako Parlamentuan gehiengoak bestelako neurri bat hartzea erabaki zuen: langile publikoei soldataren osagarria ematea, galdu duten erosmen ahalmena berdintzeko. Abenduan hartu zen erabaki hori foru parlamentuan, baina Nafarroako Gobernuak ez du ilbeltzaren 2ra arte publikatu eta foru administrazioko langileek abenduko estra galdu dute (2015ean berreskuratuko omen dute). Horren ordez, garilekoa orain kobratu dute. Sakanan Nafarroako Parlamentuak onartutakoari segituz, udal gehienek euren langileei abenduan osagarri bat ordaindu diete. Hala egin dute Irurtzunen, Lakuntzan, Arbizun, Etxarri Aranatzen, Bakaikun, Iturmendin, Urdiainen, Altsasun, Olatzagutian eta Ziordian. Arakilen ere udal langileek dagokien estra jaso dute, ohi bezala, inolako erabaki berezirik hartu gabe. Horretarako, Migel Izuk prestatutako txosten bat izan dute oinarri Arakilen. Haren arabera, indarrean dagoen legedia besterik ez da egiten estra ordaintzean. Uharte Arakilen parlamentuak onartutako osagarria ordaintzeko asmoa zuten. Baina epeak luzatu egin zitzaien eta pasa den urtean ordaindu ezin izan zutenez, osagarria pagatu gabe gelditu da. Ergoienan, berriz, abenduko estra galdu dute udal langileek. Irañetak eta Arruazuk, azkenik, ez dute udal langilerik eta ez dute halako ordainketarik egin behar izan.