Udalak ikur frankistak kentzeko eskatu du

Guaixe 2013ko urtarrilaren 10a

Uharte Arakilgo Udalak Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioaren Departamentuari eta Gobernuaren Ordezkaritzari eskatu die "lehenbailehen abia dezatela gure herritik frankismoaren ikur guztiak kentzeko prozedura baita Nafarroako herri eta administrazio guztietan daudenak ere, Nafarroako Foru Aldundiaren eraikinean dauden ikurrak barne". Eskaerarekin batera Uharte Arakilgo Udalak txostena bidali die bi administrazioei, herrian dauden ikur frankisten berri ematen da. Esaterako, hainbat etxeen fatxadetan "Instituto Nacional de la Vivienda"k jarritako plakak. Bilduren aldeko eta PPren abstentzioarekin onartu zen mozioan udalaren zerbitzu juridikoei eskatu zaie frankismoaren ikurrak kentzeko egin beharreko urratsak ematen has daitezela.  Aldi berean, uhartearrei eta herriko eragileei dei egin zaie ekimena lagundu eta ikur frankisten kokapenaren berri emateko. Bilduk aurkeztutako mozioak Ikurren Legea eta Oroimen Historikoaren Legea ditu oinarri. Koalizioak gogora ekarri du "frankismo kriminalak eta bere arduradunek eduki duen zigorgabetasun osoa". Horregatik, "deigarria" zaie "zenbait administrazio publikok hainbesteko grina erakustea zenbait artikulu betearazteko garaian".