Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean eguraldi onak presente egon nahi izan zuen 1. Aralar-Beriain BTT martxan eta goizeko 9:00etan 87 bikerrek hartu zuten irteera, aipatu bi mendiak batu zituen 40 km eta 1.800 metroko desnibela zuen proba betetzeko asmoz. Gogoz berotu zuen eguzkiak are gehiago gogortu zuen Uharte Arakilgo proba ez lehiakorra. Lehenik eta behin Aralarrera zuzendu ziren txirrindulariak. Atatik barna Aralarko San Migel santutegira heldu ziren eta Madotzera jo zuten, pista eta eremu ikusgarrietatik 1.133 metrora zegoen hornidura guneraino iritsiz. Segidan, oso teknikoa zen xenda batetik Uharte Arakilera jaitsi ziren bikerrak eta segidan Beriainera igotzeari ekin zioten. Pista batetik igo ziren Beriainera eta senda batetik jaitsi ziren. Txirrindulari azkarrenek 2:36ko denbora behar izan zuten proba osatzeko, eta hortik aurrera iritsi ziren gainontzekoak. Tamalez, biker batek erorikoa izan zuen eta peronea apurtu zitzaion. Kasualitatez bertatik mendizale talde bat pasatzen zen eta tartean zegoen txirrindulari horren famili-medikua dena. Txirrindularia ospitalera eraman behar izan zuten. Paraje ederrakTxirrindulariei izugarri gustatu zitzaien proba, eta gogorra eta oso ederra iruditu zitzaien. Antolakuntzatik adierazi zutenez, ez dakite hurrengo urtean aldaketak eginen dituzten ala ez. Migel Garziandia eta Pablo Matxain dira probaren antolaketan murgildu diren bizilagunetako batzuk. Uharte Arakilek BTTan ibiltzeko "paraje oso ederrak" dituelako bururatu zitzaien ibilbidea antolatzea eta herritarren laguntza eta babesa handiak izan direla nabarmendu dute. Ibilbidea bukatzearakoan txistor jatea izan zen. Partaide guztiek martxako kamiseta jaso zuten opari, eta ondoko sariak zozketatu ziren: Uharte Arakilgo Gari Gutxi landa etxean asteburua, Latxa Esnea kooperatibako gaztak, Cachet jantzi sorta, Mendinueta harategiko txistorra sorta, Kaiku produktu sorta eta Uharte Arakilgo Arribicin 100 euroko txartela.