Etxeak zaharberritzeko laguntzak indarrean

Guaixe 2013ko uztailaren 4a

Uharte Arakilgo udalak Arakilen bizitegietarako eraikinak zaharberritzeko edo eraberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza onartu du. Udalak gerora etxe gisa erabiliko diren eraikinetako lanak lagunduko ditu, betiere, 15 urte edo gehiago badituzte. Hainbat lanek dute laguntza jasotzeko aukera: eraikinaren egitura egokitzeko egindako lanak; eraikinaren elementu komunak funtzioen aldetik egokitzeko obrak; eraikineko bizigarritasuna egokitzeko obrak; espazio libreen egokitzapena eta eraikina kokatzen deneko lurzatiaren itxiturak eta, azkenik, bizitegi kolektiboetarako eraikinetan oztopo arkitektonikoak kentzea.BaldintzakInteresatuek lanak egin aurretik egin beharko dute eskaera eta udalak jarritako hainbat baldintza bete beharko dituzte, esaterako, udalarekin dituzten zerga betebeharrak egunean izatea. Etxebizitza guztia ukitzen denean, obra egiteko aurrekontua 30.000 eurotik gorako lanak lagunduko ditu udalak. Fatxaden kasuan, berriz, 6.000 eurotik gorakoa. Eraikinean etxebizitza gehiago eraikitzen badira bakoitzak sarrera independentea izan beharko du. Ezin izanen da azalera handitu ezta eraikina bota eta berriro jaso. Lanak egin ondoren 6 urte pasatu beharko dira eraikina ostatu, landetxe edo halako erabilera emateko. Bestalde, katalogatuta dauden eta konplexutasun bereziko zaharberrikuntza duten eraikinei dagokienez, faseka zaharberritzea onartu daiteke. Halakoetan laguntza fase bakoitzeko emanen dira. Laguntza ematerakoan kontuan izanen da uhartearra izatea eta eskatzailearen diru-sarrera maila. 60 metro karratura arteko eraikinetan egindako lanengatik udalak gehienez 1.000 euro emanen ditu. 60 eta 90 metro karratuko eraikinetako lanen gehienezko kopurua 2.300 eurokoa izanen da. Azkenik, 90 metro karratuetatik gorako eraikinetan metatutako laguntza 3.600 eurokoa izanen da.