Aditu Arkeologia Zerbitzuak antolatuta, laugarren urtez jarraian Zamartze monasterioaren inguruan arkeologi indusketa eginen da (2010ekoa prestaketa zundaketa izan zen). Berriro ere Fran Valle de Tarazaga izanen da indusketako eta ikerketako zuzendaria. Erromatarren garaiaz ere arduratuko da. Aldamenean, Emma Bonthorne (osteoarkeologoa) izanen du, Erdi Aroko hilerriaz arduratuko dena.
Asmo handiko indusketa kanpaina da aurtengoa. Amerikako Estatu Batuak, Kanada, Bretainia Handia, Irlanda, Australia, Eslovakia eta bertako 45 ikasle eta arkeologok parte hartuko dute indusketan. Estreinakoz, Nafarroako Unibertsitateko historia eta arkeologia ikasleek ere parte hartuko dute indusketan. Baita boluntarioek ere, jakina. Zamartzeko Andre Mariaren Gogarte Etxea eta Uharte Arakilgo Udalaren laguntza dute indusketek.
Egitekoak
Santutegiaren sorrerari buruzko informazio gehiago lortzea espero du aurten Valle de Tarazagak. Eta erromatarretatik Erdi Arorako trantsizioa nola izan zen jakiteko lorratz gehiago ere. Horregatik, Erdi Aroko hilerriaren ikerketa eremua zabaldu beharrean, arkeologoek lurperatze mailetan behera egin dute. Aurten hilobi zaharrenak azalerazi nahi dituzte. Masio erromatarra joan zen urtean opatutako mailetan garbiketa besterik ez zuten egin eta aurten eremu horretan ere indusketan sakonduko dute.
2012ko fruituak
Zamartzeko hilerriko gorpuen profil biologikoa zehazteko hezurdura kopuru nabarmena behar dute eta Valle de Tarazagak azaldu digunez, joan zen urtean 50 bat hezurdura oso berreskuratu zituzten, aurrekoetan baino gehiago. Haien artean Donejakue bideko erromes bat arrije osoarekin: pordoia eta zulatutako bi maskor. Haren hilobia ere berezia zela aipatu digu arkeologoak, hareharriz eta morteroz egina zegoelako.
Giza aztarnen kopuru handia izanen da aurten eta Bretainia Handitik etorritako teknikariek ikerketa kimikorako eta erradio karbonokorako laginak aterako dituzte. "Harien bidez, Zamartzen hilobiratutakoen jatorria, dieta eta kronologia ezagutuko ditugu", azaldu digu arkeologoak.
Monasterioko baratzean, erromatarren aztarnak bi mailetan opatu dituzte. "Erromatar-aztarnategia uste genuena baino handiagoa da. Gainera, bietan suntsiketa garrantzitsuren arrastoak izan daitezkeenak daude: III. mendekoa eta bestea 332 urte ingurukoa. Bestalde, inguru hartan merobingioen garaian (VI. mendean) jarduera bazegoela ziurtatzen duen txanpon bat ere opatu zuten.
Joan den urtean material ugari berreskuratu zuten. Nabarmenenak Artus enpresako kontserbatzaileek prozesatu zituzten. Vianako Printzea erakundeko arkeologia sailak kontserbazio hori sustatzeazgain Zamartzerako bisitak ere antolatu zituen. Aztarnategitik ateratako objektu asko monasterioan jartzea aurreikusten den museo edo erakusketa permanentean ikusgai izanen dira. "Ikerketak ematen duenaz gain, museoa duen arkeologia-aztarnategia izateak bisitariak erakarriko ditu eta, neurri batean, eskualdea dinamizatzeko balioko du", gaineratu du Valle de Tarazagak.
Boluntarioak
Ongi etorriak izanen dira aztarnategian, bereziki sakandarrak. Horretarako info@aditu.info helbidera idatzi behar da.
Bisita gidatuak
Larunbatetan 11:00etan eginen dira aztarnategirako bisita gidatuak. Larunbatean ezin duenak, astelehenetik larunbatera 8:30etik 17:30era pasa daiteke Zamartzetik. Talde bisitak direnean (kolektiboak, ikastetxeak eta abar) info@aditu.info e-posta helbidera idatzi behar da.
Hitzaldiak
Aztarnategiarekin zerikusia ez duten arkeologiari buruzko hiru hitzaldi antolatu dituzte Adituko kideek hilabete honetarako Zamartzen. Gaur, 19:30ean, Oxfordeko Unibertsitateko David Griffiths irakasleak paisaiaren arkeologia, haren kontzeptu lokal eta globalaz hitz eginen du. Bihar, 12:30ean, unibertsitate bereko Olaf Bayer ikerlaria Britainia hego-mendebaldeko aurre-historiaz ariko da. Azkenik, hilaren 27an, 12:30ean, Cardiffko Unibertsitateko Seren Griffiths ikerlariak erradiokarbono bidezko datazioen inguruko azken berriak azalduko ditu. Hitzaldi guztiak ingelesez izanen dira.