Zeramika eta erliebeak 900 metrotara

Guaixe 2013ko ira. 6a, 20:07

Agiri despopulatuko agorrileko indusketak eman dituen emaitzak dira horiek.

Aurreko ostiralean despeditu zituzten lanak Aralargo magalean dagoen Madotz eta Aralarko santutegia lotzen dituen bidearen bazterrean dago Agiri (Agiregi) despopulatua. Pedro Arrese Villanueva Zizur Nagusiko institutuan historia irakasle denak zuzendu du arkeologia-indusketa. "Beno, hori handinahia da. Zehatzagoa da garbiketa". Elizan, elizatarian eta herriko etxe batean aritu dira lanean.

Bigarren kanpaina horren ondoren, heldu den urtean segida emateko gogoz dago Arrese. Boluntarioekin pozik da. Harekin izan dira egun horietan Donibane jubilatu elkarteko kideak: Jose Gorriti, Jose Beregaña, Eduardo Gonzalo, Juan Antonio Uharte, Felix, Beregaña, Jose Mari Gorriti, Emilio Urdiain, Felix Goikoetxea, Juan Mari Mujika eta Marcos Beraza. Aurrera egiteko dirua eta guzti jarri dute, "ezin da gehiago eskatu", azaldu du esker onez historialariak.

Lehenengo eremua
Eliza barrutik garbitu da aurten. Elizatearen planta guztia azalarazi da eta herriko etxe bat garbitzen hasi dira. Atea izan zitekeenaren dekorazio aztarnak agertu dira. "Hareharrian egindakoa; oso soila, erliebe oso xumea. Litekeena da ateko kapitelak izatea; hau da, sarreraren aldeetan goiko aldean". Halako hiru harri agertu dira aurten eta beste bat joan den urtean. Bakoitzak erliebe ezberdina du. Hori da elizan egindako garbiketan opatu duten dekorazio bakarra. "Duinak eta oso politak dira" gaineratu du Arresek. Alaka zuzen eta borobilduko harriak ere agertu dira. Ikertzaileak ez daki zein garaitakoa den eraikina. "Agian erromaniko aurrekoa litzateke eliza, baina ez dugu hori oinarritzeko daturik, aukera badago ere". Eliza barrutik garbitzean hormaren luzeran harrizko banku bat izan daitekeena ere agerrarazi dute.

Eliza zein sainduri zegoen eskainia ez dakite oraindik. Gainera, aldare ingurua garbitu gabe utzi dute. Zorua nolakoan den esateko daturik ere oraindik ez du historialariak.

Elizatea
Eliza (13x6) bezain luzea bai, baina estuagoa da. "Ondoren egina da. Horma zabalagoak ditu eta oso ongi landua dago". Litekeena da elizako hilerriaren gainean egitea, joan den urtean buru-hezur bat agertu zelako (Zamartzeko indusketako ikerlariak aztertzen ari dira) . "Baina hori hurrengo kanpaina batean aztertu beharko da", azaldu zigun ikerlariak. Bestalde, lur prentsatuko zorua agertu da elizatean. Eta haren oinarria zen harrizko zola txarra ere azaldu da. Datatzeko elementurik ez da agertu.

Arresek azaldu digu, gaur egungo pagadiaren ordez elizatetik ibarraren bista ederra lukete: "soroak, herriak... paisaia ederra ikusiko litzateke". Agirin bizi izan ziren pertsonek abeltzaintzaz gain nekazaritzan ere aritu zirela pentsa du Arresek. "Laborerik gabe, herri abeltzain huts batek zail luke bizirauteko. Laboreak landatzeko baldintzak ez dira txarrak. Zorua nahiko laua da".

Etxeak
Aurten ziurtatu dute 13 etxe daudela Agirin. "Badaude batzuk etxeak diruditenak, baina zalantzazkoak dira". Etxarteetan artifizialki berdindutako espazioak ere atzeman dituzte aurten. Agorrilean 105 metro karratu dituen etxe bat garbitzen hasi dira. 90 cm-ko zabalerako hormak ditu eta hormaren altuera ez da metro batera ere iristen.

"Pentsatzen dugu, baina ez dakigu nola, egurra izanen zuela, hormak altuera gehiago izateko. Etxe barruko egurrezko egituratik ez da ezer kontserbatu". Arrastorik ez gelditzeko arrazoia etxea ez zela erre da; "erre balitz kontserbatuko litzateke". Arresek azaldu digunez, "herria despopulatu eta Uharte Arakilera joan aurretik guztia ateratzeko denbora asko izan zuten. Ez zen bat bateko ihesaldi bat izan eta herria ez zen zegoen moduan gelditu".

Oso aztarna gutxi agertu dira. Eta horien artean zeramika pixka bat, errotaren bat, taparen bat agian... Zeramika puska horiek eltzeak eta sukaldean erabiltzen ziren bestelako tresnak dira. "Beltzak, laranjak...  Tornuan egindakoak direla zehaztu digu historialariak, "nahiz eta bat eskuz egina dagoen, Erdi Aroan egiten zen moduan". Opatutakoak zati txikiak direla eta pieza bat guztiz ezin dela berregin ere zehaztu digu Arresek. "Zeramikagatik XIII. mendean datatzeko nahikoa. Bat dator, Agiri XIV. mende erdialdean despopulatu baitzen".

Haien teilatuak nolakoak ziren argituko duen ezer ez da agertu oraindik. "Ez dago ez teilarik, ezta harlauzarik. Beraz, begetalez eginen zen teilatua. Beste toki batzuetan zekalea erabiltzen da eta baliteke hemen ere erabiltzea". Teilatuak egiteko zohiak erabiltzeko aukeraz galdetuta, Arresek zehaztu du hala balitz latei eusteko iltze txikiak agertuko liratekeela. "Baina ez da bat bera ere agertu. Ate ondoan salbu eta horiek atekoak dira".