Ibaiak ur emari handiagoa hartzeko lanean

Guaixe 2013ko urriaren 3a

Agorrilean hasi ziren Coyser enpresako langileak ibai bazterretan lanean. Euria gogoz egiten duen bakoitzean ubeldeak gainezka egiten du eta Irañetarako errepidea, dermioko hainbat bide eta soro urpean uzten ditu. Kalte horiek eragozteko ibaiak ur emari handiago hartu eta horrela uholdeak eragozteko ari dira lanean. Langileak presa eta Zerradoako bidearen artean ari dira lanean. Ibai bazterrak zabaldu eta inklinazioa eman diete (\_/) horrela ibaiak ur kopuru handiagoa eraman ahal izateko. Horretarako bertan zegoen landaretza kendu behar izan dute, baina berriro berez sortuko da. Lan horiekin batera uharka ere kendu dute. Hilaren erdialderako lanak despedituak egotea espero dute. Duela bi urte Uharte Arakilgo Udalak herritarrei inkesta pasa zien egin beharreko lanetan lehentasunak marka zitzaten eta ibaiarena izan zen aurrena. Lanak egiteko Nafarroako Gobernuaren %70eko diru-laguntza zegoela ikusita horri heltzea erabaki zuten udalean. Zatirik okerrenean lanean ari direla nabarmendu dute eta heldu den urtean laguntza deialdirik balego beste zati batean lan berak eginen lituzketela aurreratu dute. Herrian premia asko daudela baina edozein lanei heltzeko diru-laguntzen menpe daudela azpimarratu dute udaletik. Ahal dena egiten segituko dute. Bitartean udal kontuak zorpetze mugaren azpitik eustea lortu dute. Itxesi Heldu den urtean Itxesi kaleko hegoaldean eginen dira lanak, futbol zelaiaren eta igerilekuen parean asfaltatu gabe dagoen zatian (180 bat metro). Uharte Arakilgo Udalak kaleko zati horren sareak eta zoladura berritzeko 132.366 euroko inbertsioa eginen du. Nafarroako Gobernuak 85.013 euroko diru-laguntza emanen dio.Aurtengo aurrekontuetan, bestalde, mendian eta basoan egiteko lanetarako 8.000 euro bideratu ditu Uharte Arakilgo Udalak. Beste 10.000 euro bideratu dira ur biltegiko azpiegiturak berritzeko. Horiek aurten udal langileak eginen dituzte eta heldu den urtean segida ematea espero dute udalean. Haur eskolaEgin beharreko lanak despeditu ondoren, Uharte Arakilgo Udala Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatzeko zain dago. Aurki izatea espero du. Zortzi dira izena eman duten haurrak eta beste 3k ilbeltzean emanen dute. Horrela ezarritako 11 haurren ratioa beteta egonen da.